politika

Eusko Legebiltzarrak Oroimenaren Institutua sortzeko lege proposamena onartu du

EAJk, PSEk, Ezker Anitzak eta Aralarretik egotzitako hiru legebiltzarkideek alde bozkatu dute, PPk eta UPDk aurka, eta EA eta Aralar abstenitu egin dira. Legearen tramitazioa hasiko dute orain. "Euskadik bizikidetzara behin betiko pausoa emateko erronka historikoa du, eta Institutua horra bidean egindako ekarpena da", dio onartutako testuak.

2012ko ekainaren 7a
13:31
Entzun

EAJk, PSE-EEk, Ezker Anitzak eta Aralarretik egotzitako hiru legebiltzarkideen botoekin Eusko Legebiltzarrak Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko lege proposamena onartu du gaur. PP eta UPD kontra azaldu dira, eta EAk eta Aralarreko taldean geratzen den legebiltzarkideak abstentziora jo dute.

Legearen tramitazioa hasiko dute orain legebiltzarrean, ponentzia bat osatuko dute, horri emendakinak egiteko aukera izango da, eta gaia parlamentura itzuliko litzateke berriro, legea onartzeko edo ez.

"Balore etikoak eta bizikidetza demokratikoa sustatu, garatu eta gauzatu" nahi ditu Institutuak, eta "biktimen memoria gordetzeko, garatzeko eta zabaltzeko" ere lan egin gura du. "Etorkizunerako egitasmoa da, baina iragana ahaztu gabe", esan du Iñigo Iturrarte EAJko parlamentarioak. Aintzane Ezenarro Aralarretik egotzitako legebiltzarkideak "memoria politikoa" behar dela aldarrikatu du, eta batzuek bere buruari "indarkeriak zertarako balio izan duen" galdetu beharko lioketela esan du.

EAren eta Aralarren ustez, akordioa presaz egin dute, landutako edukiak ez dituzte gainontzeko alderdiekin partekatu eta idatzian ez da zehazten ez dela inor baztertuko. Juanjo Agirrezabala EAkoak esan du lege proiektua ez zaiola osoa iruditzen, besteak beste ez dituelako torturak nahikoa aipatzen eta Institutuak gaitasun handirik ez duelako.

PPren eta UPDren iritzian, ETAren indarkeriaren biktimak eta Poliziarenak parekatzen dira, eta azaldu dute horrek indartu egiten duela "bi aldeen arteko gatazkaren teoria". "ETAren hilketak justifikatzeko balio du" egitasmoak, PPren arabera.

"1936ko gerra, Francoren diktadura, terrorismoa eta indarkeria politikoa" 

EAJk, PSE-EEk, Ezker Anitzak eta Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe Aralarretik egotzitako legebiltzarkideek testuan jaso dutenez, euskal gizarteak azken ehun urteetan "hiru esperientzia traumatiko izan ditu, gutxienez": "1936ko gerra, Francoren diktadura eta terrorismoa". Halaber, azken 40 urteotan "indarkeria politikoa" ere izan dela ageri da testuan, eta horrek euskal gizartea "baldintzatu" egin duela. "Euskal gizarteak sufrimendua modu injustuan pairatu" izan duela dio lege proposamenak eta, hala ere, hark "eskubideetan oinarritutako bizikidetza demokratikoa defenditu" izan duela.

"Euskadik bizikidetzara behin betiko pausoa emateko erronka historikoa du, eta Institutua horra bidean egindako ekarpena da", sustatzaileen aburuz. "Memoriaren garapenerako politika publikoaren tresna" izan behar du erakunde berriak.

Programak, argitalpenak, jarduera akademiko eta kulturalak...

Xede horiek denak aurrera eramateko programak, argitalpenak, jarduera akademiko eta kulturalak eta bestelako ekimenak egingo lituzkete. Ikerketa eta formakuntza ere sustatuko nahi dituzte.

Erakunde berria Jaurlaritzaren menpe egongo litzateke, eta zuzendaritzan parte hartuko lukete EAEko erakunde guztiek eta gizartearen ordezkariek. EAEko zenbait erakundek iraganean gaiari buruz egindakoak aitortu ditu lege proposamenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.