Hainbat bengala eta aulki jaurti zituzten partidan joan den larunbatean, eta, Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, hamalau ertzain zauritu ziren istiluetan. Gertatutakoari buruz legebiltzarrean azalpenak emateko eskatu zion PPk Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari, eta beste horrenbeste egin du gaur Pastorrek.
Pastorrek gaur erregistratu du Beltran de Herediak Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteko eskaera. Joan den astelehenean, Patxi Lopez PSE-EEko legebiltzarreko bozeramaileak ere azaldu zuen komenigarria zela Anoetan gertatutakoaz Segurtasun sailburuak azalpenak ematea. "Arinkeriaz" hitz egitea aurpegiratu zion Beltran de Herediak Lopezi.
Horregatik erantzun dio Pastorrek "umilago" jokatzeko, eta ohartarazi dio sailburuen eginbeharra ez dela Eusko Jaurlaritzako aurreko lehendakaria iraintzea, baizik eta gertatutakoaz azalpenak ematea.