MEMORIA HISTORIKOA

Eusko Legebiltzarrean memoria historikoaren legea onartu arte, ez dituzte aztertuko kalte-ordainak

Legebiltzarrak eskatu dio Jaurlaritzari aditu talde batek konpentsazio posibleei buruzko txosten bat osatu dezala. EH Bilduk legea onartua izan aurretik nahi zuen dokumentua.

Iñigo Urkullu lehendakaria, gaur, legebiltzarra. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE
Igor Susaeta.
2019ko abenduaren 5a
20:25
Entzun

Eusko Legebiltzarrak eskatu dio Jaurlaritzari izendatu dezala aditu talde bat behin memoria historikoaren legea onartuta aztertuko dituena frankismoaren biktimek jaso beharreko kalte-ordain posibleak. Jaurlaritzak joan den irailaren 24an aurkeztu zuen memoria historikoaren bueltan lege bat egiteko proposamena. EH Bilduk gaia plazaratu du Eusko Legebiltzarrean, eta planteatu du Jaurlaritzak, lege proiektua tramitatua izan aurretik, sei hilabeteko epean, egin dezala txosten bat kalte-ordain horiei buruzkoa. Legebiltzarrak atzera bota du koalizio subiranistak aurkeztu eta Elkarrekin Podemosek babestutako emendakina. Onartu egin du, ordea, lege proiektua «ahalik eta denbora epe laburrenean» tramitatua izatea eta ondoren txosten bat egitea eskatzen duena. Jaurlaritzak proposatu du, eta gobernuko bi bazkideek, EAJk eta PSE-EEk, alde bozkatu dute. PP abstenitu egin da.

Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentariaren iritziz, koalizio subiranistak proposatu du txosten hori legea onartua izan aurretik osatzea, «biktimei ezin zaielako itxoinarazi». Joan den irailean aurkeztutako zirriborroak ez ditu arautzen kalte-ordain posibleak. Horren harira, lege proposamena «hutsa eta inongo anbiziorik gabekoa» dela nabarmendu du Arzuagak.

Joseba Diaz EAJkoaren esanetan, Jaurlaritza lege «oso bat» gauzatzeko ari da lanean. Horrenbestez, debatea «txosten jakin batera» mugatu nahi izatea leporatu dio EH Bilduri. Legebiltzarrak onartutako emendakinaren arabera, Jaurlaritzari eskatzen zaio legea onartua izan eta urtebeteko epean izendatu dezala adituen taldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.