Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldea sortzea onartu dute gaur, Eusko Legebiltzarrean. EAJk eta PSEk bozkatu dute batzordea osatzearen alde, eta EH Bilduk abstentziora jo du, eta aurka bozkatu dute PPk eta UPDk. Edonola ere, EH Bilduk iragarri du batzordean parte hartuko duela.
"Bakegintzan ere eraikitzera gatoz, aldaketak burutzera etorri gara, eta ez lubakiak egitera", esan du Mintegik. EH Bilduk EAJ eta PSEren "maltzurkeria" salatu du, aurretik eurekin batera adostuta zeukaten testua azken orduan eta kontsultatu gabe aldatu dutelakoan.
Bestalde, errepikatu egin dute euskal presoen sakabanaketaren aurkako testu baten bozketa, iragan astean PSE-EEko legebiltzarkide Blanca Roncalek, nahi gabe, adierazpenaren aldeko botoa eman eta gero. Adierazpenak, ordea, berriro egin du aurrera, Mintegik berak alde bozkatuta. EH Bilduko gainerako legebiltzarkideak abstenitu egin dira, baina Mintegik azaldu du testua onartzea ahalbidetu duela bakearekin eta normalizazioarekin koalizioak duen "konpromisoaren erakusle".
Iragan asteko bozketan, EH Bilduko 21 legebiltzarkideak abstenitu ziren. Gaurkoan, adierazpenak EAJren aldeko 27 boto zituen, eta PSE, PP eta UPDren kontrako 27. Berdinketa hautsi du Mintegik.