Gaur egin du Eusko Legebiltzarreko bake eta bizikidetzarako lantaldeak bere lehen bilera, eta aurreneko hori batzar teknikoa izan da, plangintza eta egutegia adostu ahal izateko bildu baitira. Maiatzean ordezkari instituzionala duten eragileen eta Giza Eskubideen Foroko elkarteen ekarpenak jaso nahi ditu. Datorren asteartean egingo du hurrengo bilera.
"Memoria, egia, justizia, erreparazioa, biktimen aitortza, humanizazioa, bizikidetzako kultura berria edota espetxe arloa" jorratu nahi ditu, iragana, oraina eta etorkizuna kontuan hartuta.
Gaurko batzarrean izan dira Joseba Egibar (EAJ), Jose Antonio Pastor (PSE-EE), Anton Danborenea (PP), Aintzane Ezenarro (Aralarreko legebiltzarkidea) eta Mikel Arana (EB). Haiek osatzen dute lantaldea. EA eta UPDk uko egin zioten parte hartzeari. Bileran Arantza Quiroga (PP) legebiltzarreko presidentea ere izan da.
Lantaldea "irekia" den arren, ezker abertzaleak eta Bilduk aurreratu dute ez dutela parte hartuko, besteen baldintza beraietan ez direlakoan ariko. Aralarreko zuzendaritzak, berriz, esana du Ezenarrok ez duela alderdia ordezkatuko, lantaldeak ez diolako uko egin "bazterkeriari". Arrazoi bera erabili du EAk lantaldean ez egoteko.
Jesus Loza Eusko Jaurlaritzaren bizikidetzarako agintariak dagoeneko eskatu du lantaldean agerraldia egitea.