Politika

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak atzera bota du Espainiako bandera ez jartzeko EAk egindako eskaera

EAJk, PSE-EEk eta PPk ez dute eskaera tramitera ere onartu. EAren ustez, "Legebiltzarrak baino ez ditu hartu behar parlamentuko funtzionamenduari buruzko erabakiak", eta ikurriña bakarrik jartzeko eskatu du. Eusko Legebiltzarreko Mahaiak lehengo astean onartu zuen Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduari men egitea -EAko ordezkaria kontra agertu zen-.

2008ko abenduaren 9a
14:04
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Legebiltzarrari honen eraikinaren kanpoan ere Espainiako bandera jartzeko agindu diola-eta, EAk kanpoan bandera ez ipintzeko Legebiltzarrean ekimena aurkeztu du, baina parlamentuko Mahaiak atzera bota du segituan, gaur.

Gaia premiaz jorratzeko eskatu du EAk, baina Izaskun Bilbaok (EAJ), Isabel Celaak (PSE-EE) eta Carmelo Barriok (PP) ez dute tramitera ere onartu. Rafael Larreina (EA) eta Jose Miguel Fernandez (EB) dira Mahaiko beste bi kideak, eta tramitatzearen alde agertu dira biak -Fernandez testuarekin ados ez bazegoen ere-. EAk Mahaiaren erabakiaren aurkako helegitea sartuko du.

"Auzitegi Gorenak botere banaketaren aurka egin du, baita [EAEko] Estatutuaren aurkako 25. artikuluaren aurka ere, Legebiltzarrak baino ez dituelako hartu behar parlamentuko funtzionamenduari buruzko erabakiak", uste du EAk. Honen arabera, "Espainiako banderak euskal gizartean zatiketa eragiten du". Legebiltzar kanpoan ikurriñak baizik ez duela egon behar eskatu du, "horrek ordezkatzen dituelako euskal herritar denak".

Legebiltzarreko Mahaiak lehengo astean onartu zuen Gorenaren aginduari men egitea. EAJ, EA, EB, PSE-EE eta PPko ordezkariak daude Mahaian eta EA izan zen erabakiaren aurka azaldu zen bakarra.

Gorenaren arabera, Espainiako ikur horrek eraikinaren kanpoan beti egon beharko du, eta barruan, berriz, "leku nabarmenean".

Eusko Legebiltzarrak orain arte ez du kanpoan banderarik izan. Bai, aldiz, barruan, harrera gelan: ikurriña, Espainiakoa eta Europakoa, modu iraunkorrean.

Hemendik aurrera kanpoan ere ipiniko ditu, baina ez du adierazi noiztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.