Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan EAJk lortutako 28 ordezkariak datorren astean akreditatuko dira parlamentuan, eta, herenak baino gehiago izanda, legealdia martxan jarri ahal izango dute jeltzaleek.
Radio Euskadin Joseba Egibar EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak adierazi duenez, Eusko Legebiltzarreko Mahaian bi ordezkari izateko eskatuko dute jeltzaleek. "Logikotzat" jo du hori, aurreko legealdian, 27 ordezkari izanik, bi kide zituelako mahaian.
Kexu azaldu da PP, horrek popularrak utziko lituzkeelako mahaitik kanpo. Mahaiak bost kide izanik, bi lituzke EAJk, eta bana EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk. EH Bilduko hautetsi Iker Casanovak eta Elkarrekin Podemoseko Lander Martinezek argudiatu dute mahaiak "plurala" behar duela izan, baina erantsi ez dutela aparteko ahaleginik egingo PPk ordezkari bat izan dezan. Espainiako Kongresuan PPk EH Bildurekin izandako jarrera gogora ekarri du Casanovak.