Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Eusko Legebiltzarrerako bozak, irailaren 25ean

"Herriaren interesentzat egokiena" da irailaren 25a, Iñigo Urkulluk esan duenez. Argudiatu du gobernu programa bete dela, Espainian "ezegonkortasuna" dagoela oraindik, eta Eusko Legebiltzarrak jarduna amaitu duela.

Iñigo Urkullu, hauteskundeen data iragartzeko agerraldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ander Gartzia Badiola - Jon Olano
2016ko uztailaren 29a
10:16
Entzun

Elkarrizketa sozialerako mahaia osatu, defizita kontrolatu... legealdian eginikoak zerrendatu ditu Urkullu EAEko lehendakariak prentsaurrekoan. Gobernu programaren betetze maila "oso handia" dela esan du, nahiz eta aitortu duen "asko" dagoela egiteko. Eusko Legebiltzarrean, berriz, atzo amaitu zuten legealdiko jarduna, eta Urkulluk azpimarratu du 34 lege onartu dituztela lau urtean. "Zailtasunak zailtasun lortutako akordioak" azpimarratu ditu.

Jaurlaritzak "oso balorazio ezkorra" egin du Espainiako Gobernuarekin lau urteotan izandako harremanaz: "Espainiako Gobernuaren atea itxita aurkitu dugu beti". Urkulluk azaldu duenez, atzo arte egon da eguna erabakitzeko zain, Espainiako erregeak indar politikoekin eginiko bilera sorta amaitu arte.

Ezohiko gobernu kontseilura deitu du Urkulluk gaurko, eta horren ostean eginiko agerraldian eman du hauteskunde egunaren berri. Azaldu zuenez, alderdi nagusietako buruei emana zien horren berri. Irailaren 9ko gauerdian hasiko da hauteskunde kanpaina, eta EAJk iraileko azken igandearekin ospatu ohi duen Alderdi Egunarekin bat ez egiteko, EBBk igandean erabakiko du Alderdi Egunaren data berria.

Atzo hasi ziren gaur iragarriko zuen zurrumurruak. Efe berri agentziak zabaldu zuen "litekeena" zela Urkulluk gaur jakinaraztea noiz izango ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Lehendakaritzak azaldu zuen urriaren 23tik aurrera ez zirela izango EAEko bozak, eta lau egun eman zituen: irailak 25, eta urriak 2, 9 eta 16. Duela lau urte, urriaren 21ean izan ziren, eta EAJ nagusitu zen. Urkulluk atzo esan zuen egunari buruz "hausnartzen" ari dela.

Espainiako agendari begira

Espainian berriro hauteskundeak egingo balira, lehendakariak ez lituzke haiekin batera egin nahiko Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak. Espainian blokeo politikoa dago, atzo Felipe VI.a erregeak alderdi nagusietako buruekin egindako bileretan egiaztatu zenez. Mariano Rajoy PPko presidentegaiak ez du nahikoa babes gobernua osatzeko, eta inbestidura saiorako eguna ez dute iragarri oraindik.

"Espainiako Gobernuaren eraketak baldintzatu egiten du egoera politikoa", adierazi zuen atzo goizean Urkulluk, Gasteizen, Madrilgo bilera sailaren aurretik. Espainian gobernabidea "bermatu gabe" ikusten du, eta, ondorioz, badago Rajoyk berriro Gorteetarako hauteskundeetara deitzeko aukera. Beraz, EAEkoak zerbait aurreratu Urkulluk, biak batera ez egiteko.

Legeak dioenez, gutxienez 54 egun lehenago deitu behar da bozetara, eta legebiltzarra desegin. Irailaren 25erako deitzeko, horretarako azkeneko eguna datorren astelehena du.

Atzo egin zuten azkeneko osoko bilkura Legebiltzarrean, eta bi lege onartu zituzten: turismoarena —EAJ, EH Bildu eta PSEren botoekin— eta polizia biktimena —EAJ eta PSEren botoekin—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.