EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. ALDERDIEN BALORAZIOA. Ezker abertzalea suntsitzerik ez dutela lortu dio Julen Aginakok

Pozik agertu da lortu duten babesarekin, eta boz-emaileen itxaropen eta ilusioarekin lanean jarraituko dutela dio

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2009ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
«Espainiako Estatuak eta haren kolaborazionista euskal-espainiarrek huts egin dute. Ezker abertzalea suntsitzen saiatu dira, baina ez dute lortu, eta ez dute lortuko ez kanoi, ez estrategia antidemokratiko eta ezta estrategia frankistekin ere». Bilboko Esperanza frontoian batu ditu jarraitzaileak ezker abertzaleak, ehun mila lagun baino gehiagok Demokrazia 3.000.000 (D3M) hautesle elkartearen alde emandako botoen balorazioa egiteko. 100.924 izan ziren atzo baliogabe jotako botoak. Duela lau urte 150.188 boto lortu zituen Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistak (EHAK) artean legezko alderdia zela. 2003an, berriz, Udal eta Foru hauteskundeetan 131.593 boto zenbatu zituen legez kanpoko utzi zuten Autodeterminazioaren Aldeko Bilgunea (AuB) hautesle elkarteak.

Datu hori boto nuluaren kontaketa ofizialarena da. Ezker abertzalea saiatu da mahaiz mahai D3Mren botopaperak kontatzen, baina horretarako arazoak izan dituzte hainbat lekutan. Datozen egunetan emango dute datua.

D3Mk hainbeste boto jaso izana «Europan inoiz izan den desobedientzia zibileko ekimenik handiena» izan dela aldarrikatu du Itziar Lopategik, jarraitzaileekin goraino betetako Esperanza frontoian. Hainbat bandera eta ikurrinekin eszenatoki gainera igo dira ezker abertzaleko jarraitzaile historikoak, tartean Arnaldo Otegi, Tasio Erkizia, Itziar Aizpurua eta Rafa Diez. Lopategik haien babesean esan du, atzoko hauteskundeak historiara pasatuko direla desobedientzia zibileko ariketa handia izateaz gain, «Espainiaren inposizioaren» bozak izan direlako.

«Inoizko hauteskunde antidemokratiko eta frankistenetan» herritarrek emandako babesarekin gustura agertu da ezker abertzalea, eta «urrezko botoaren» aldeko hautua egin duten herritarrei eskerrak eman dizkie Julen Aginako kideak.

Antonio Machado poetaren hitzak ekarri ditu gogora Aginakok. 1939ko frankistak asko zirela eta oinez ibiltzen zirela esan zuen Machadok. «Gaur egungo frankisten zoritxarrerako, jende on asko dago, eta oinez ibiltzen da», esan du Aginakok. Jende horrek eman du «urrezko botoa», ezker abertzaleko kidearen irudiko, «legez kanporatze eta oztopo guztien gainetik».

Milaka lagun horien «itxaropen eta ilusioarekin» egingo du lan ezker abertzaleak aurrerantzean. Diotenez, «demokraziaren» bidean egingo dute lan hori, «demokrazia zerotik demokrazia hiru milioira, independentziara». Hiru egiteko nagusi izango dituzte, Lopategiren arabera: Eusko Legebiltzarrean osatuko duten «trukatutako argazkiari» buelta ematea; «lardaskeria estatutario berri bati» ateak ixtea; eta Euskal Herria «independentziaren bidean jartzeko», marko demokratikora eramatea.

Bestalde, atzoko egunean zein kanpaina guztian ezker abertzaleko kideek jasan duten «poliziaren jazarpena» salatu du Aginakok. D3Mren botopaperaren «jazarpena» gertatu dela salatu du.



BOTOAK

100.924



ESERLEKUAK

7*

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.