EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. ALDERDIEN BALORAZIOA. Gasteizko Legebiltzarra espainolisten esku

Xabier Isasi Balanzategi.
2009ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Gasteizko Legebiltzar berria aldatu da: Ezker Abertzalea parlamentari talderik ez da datozen urteotan izango. Horren eraginez, espainolistek, PSE-EE, PP eta UPD, gehiengo osoa lortu dute, 38 eserleku guztira. Ezker Abertzalea legez kanpo uzteak gehiengo osoa eman die espainolistei. Espero zitekeena. EAJk 400.000 boto ozta-ozta lortu ditu, eutsi dio, beraz. PPk galdu arren, bi eserleku besterik ez du galdu, horietako bat, gainera, UPD ultra-espainolistek eraman dute. PSE-EEk nabarmen hobetu du emaitza eta alderdi txikien artean iraulketa gertatu da.

Aralarrena da, nire ustez, gertatu den aldaketarik esanguratsuena, 2005eko boto-kopurua bikoiztu du-eta. EBren galera espero zitekeen, 30.000 boz inguru galdu ditu. Datuak datu, badirudi irudi EBren botoak Aralar aldera joan zaizkiola. Azalpen posible bat besterik ez da, jakina. Galtzaileren bat aipatzekotan, demokraziaz aparte, EA izan da, dudarik gabe. Nonbait, Ibarretxek eraman ditu EAren botoak.

Botoak boto, eserlekuak eserleku, Gasteizko Legebiltzarra gehiengo berrien jokoan sartzen da. Hasteko, esan dugunez, gehiengo osoa espainolisten esku dago, eurek nahi izanez gero, Lehendakaria eurena da. Nafarroa Garaian gertatu zen moduan, espainolisten fronteak bere gain har ditzake EAEko gobernua. Ikusteke dago.

EAJren negoziazio gaitasuna handia da, bai, sarri askotan erakutsi baitu. Halere, hirukoaren aukera galduta, oraingo honetan bere lehenengo solaskidea, PSE-EE, indartsu dago. Harroturik? Nago, bai EAJk, bai PSE-EEk, biek hobesten dutela elkarren arteko ituna. Baina ez daukate erraza. Patxi Lopezek bere burua lehendakarigai aurkezten badu negoziazio prozesu latza izango da. Edozelan ere, prozesuak luze joko du. Gainera, kontuan hartu behar dugu PSOErentzat Galiziako hauteskundeak galtzea kolpe latza izan dela eta eragin dezakeela EAEko prozesuan.

Espainolistak harrotuta daude. Abertzaleak, berriz, nahastuta, batez ere, nahastuta, esango nuke. Gasteizko Legebiltzarraren gehiengoa galtzeak ondorioak izango ditu, jakina. Abertzaleek, egoera horretan, zerbait egin behar izango dute soziologikoki, eta politikoki, dagokien eragina eta indarra berreskuratzeko. Ezker Abertzaleak bildutako botoak, eta duen indarra, nola erabiltzen duen aztertu behar da.

Hauteskundeen aurreneko oldarraldia igaro eta gero, datozen hilabeteak hausnarketa eta gogoeta hilabeteak izango dira. EAEko lehendakaria nor den, edo ez den, argituko da. Hortik aurrera, zerbait sortuko da, seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.