Josu Erkoreka EAJko parlamentariaren arabera, atzoko emaitzen ostean Patxi Lopez lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzea aztertu beharko luke. Eskaera bi erronkatan oinarritu ditu Erkorekak: krisi ekonomikoa eta elkarbizitzaren eraikuntza. "Ona eta beharrezkoa litzateke erakundeek gizartearen aniztasuna islatzea", esan du.
Maiatzeko hauteskundetan Bilduk izan zituen emaitzen ostean ere, hauteskundeak aurreratzeko eskaera izan zen, baina atzokoen ostean areagotu egingo da ziurrenik. Gaur egun Eusko Legebiltzarra 2009ko hauteskundeetan osatutakoa da, eta ezker abertzaleak ezin izan zuen parte hartu legez kanpo zegoelako.
"Bi erronka horiei Legebiltzarraren eta gizartearen arteko desorekarekin aurre egitea, gaizki hastea izango litzateke", esan du Erkorekak Radio Euskadin egindako adierazpenetan.
Iñaki Antiguedad Amaiurreko parlamentaria hauteskundeak aurreratzearen alde agertu da, Eusko Legebiltzarrak "sentsibilitate politiko guztiak" ordezkatu ditzan. Eta esan du atzoko emaitzek utzitako mapa, maiatzeko udal eta foru hauteskundeek utzitakoaren antzekoa dela: "Hauteksunde hauek ez dira maiatzekoak baino erabakigarriagoak izan".
Ramon Jauregi: "Patxi Lopezek agintaldia amaituko du"
Ramon Jauregi PSE-EEko parlamentariak, berriz, Patxi Lopezek agintaldia amaituko duelako ziurtasuna agertu nahi izan du, eta 2013. urtera arte hauteskunderik ez dela izango dio. "Ziurtasun osoa dut", adierazi du.