EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. EMAITZEN IRAKURKETA. ANALISIA. Ametsa, amesgaizto

Pello Urzelai.
2009ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Aldaketa gidatzeko zilegitasuna aldarrikatu du Patxi Lopezek, emaitzak jakin ondoren. Halaber, lehendakari izateko hautagaitza aurkezteko asmoa agertu du. Matematiken arabera, posible da. Baina politikan bat gehi bat ez dira beti bi izaten. Hasteko, Patxi Lopezek zilegitasun arazo handi bat du: gehiengo osoa eskura du ezker abertzalearen legez kanporatzeari esker. Hori gabe ez zuen lortuko 38 boto biltzera iristea. Alderdi sozialistaren ikuspuntutik, horrek ez luke arazo izan behar, baina bada zilegitasun arazoa, Eusko Legebiltzarraren beste erdiak ez duelako ontzat jotzen legez kanporatzea. Beti gogoratu ahal izango diote jatorrizko bekatua. Baina Patxi Lopezen zilegitasun arazoak ez dira hor amaitzen. Aldaketaren oinarria dago auzitan: badago aldaketarik PP etaUPDren sostenguan oinarrituta? Badu sinesgarritasunik holako zumeekin osatutako aldaketarik? Azken batean, egin nahi denaren eta egin ahal denaren artean tarte handiegia dago asmoa bidezko bihurtzeko.

Eusko Legebiltzarraren osaera kontuan hartuz, PSE-EEk oso zail du gutxiengoan gobernatzea, bi espazio kontrajarriren artean, tarteko biderik gabe. Ezker Batuak bestelako emaitzak izan balitu, erdibideko sostengu bat bilatu ahal izango zuen, baina legebiltzarkide bakar batekin ez dio balio. Ezinezkoa du Patxi Lopezek esatea «denon gobernua» osatu nahi duela hauteskundeak irabazi dituen alderdia oposiziora bidaltzen badu. Asmo bateraezinak dira.

Hauteskundeen aurretik eta ondoren Patxi Lopezek berak eta eta beste zenbait buruzagi sozialistak --atzo, adibidez, Jose Blancok eta Jose Antonio Pastorrek--azaldutakoaren arabera, lehendakaritzara iristeko ametsari eutsiko diotela dirudi. Baina badakite ezinezko misio bihurtu daitekeela. Sisiforen mitoaren antzera, harria mendian gora eraman, berriz erortzeko eta berriro hutsetik hasteko. Ametsa, azkenean, amesgaizto bilaka daiteke.

Ez bakarrik alderdi sozialistarentzat. Baita EAJrentzat erebilaka daiteke amesgaizto egoera berria, azkenean, Artur Mas eta CiUren antzera, lehendakaritza eta gobernutik kanpo gelditzen bada. Nola saia daiteke ekiditen egoera hori? Zer jar dezake isileko negoziazioetan mahai gainean lehendakaritzari eusteko? Bigarren bozaldia bulegoetan jokatuko da, baina zail du EAJk, PSEren ametsa obsesioa ere delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.