Igande gauekoa festa izan zen zenbaitzuentzat, hiletak besterentzat eta auzo lotsa banaka batzuentzat. Alderdi sozialistak orain ziurtzat dituen 24 legebiltzarkideei beste bat gehitu omen diezaieke kanpotik bidalitako botoen kontaketa egindakoan, Rafa Larreinaren EAren kaltean. Honelaxe daude gauzak, doi-doi lortutakoak batzuk, ia-ia lortutakoak bestetzuk. Hemengo hauteskundeen emaitzak beti izan dira emoziozkoak, azken unera arte gorabeheraren baten menpe; gehienetan, aurreikusten gaitzak. Ibarretxeren kideen arteko zeinek ez ote zuen sinatuko herenegungo emaitza aldez aurretik proposatuz gero? EAJk irabazi ditu luze-zabal hauteskundeok. Argi ibili, baina; eurek berek gidatu beharko dute trainera, tostartekorik apenas geratzen zaie-eta, jeltzaleek gidatzekotan, jakina. Ontzimutil gutxik lagundu diezaiokete lantegi horretan, eta bai, emakume batek ere bai, Aralarreko kapitainak EAEn, hain zuzen. Bera eta alderdikideak, herenegun pozik, oso pozik ere, arrazoi franko dutelarik.
Euskal gizarteak herenegungoan, beste behin, aukeratzeko eskubidea gauzatu zuen. Gure gizarte honek, hurrengo lau urteotan Eusko Legebiltzarrean zazpi alderdik politika egin dezaten agindua ebatzi du. Ohiko parte-hartzea izan dugu, bi heren, eta boto baliogabeak ez dira %9ra heldu.
Euzko Alderdi Jeltzalea da ezbairik gabeko irabazlea, baita abertzaletasunaren arnasa nagusi ere. Eurek jaso dute autogobernutik autodeterminazioranzko bidea jorratzekotan daudenen boto gehien, alde handiz, gainera. Izan ere, jomuga horretan bidaide izango bide den hurrengoa Aralar da, sostengu mugatu horrekin, sekulako gorakada egin duen arren. Eusko Alkartasuna eta Ezker Batuarekin, alabaina, nekez gauzatu dezakete gobernua, hain urriak izan dira bi alderdion emaitzak. Bataren eta bestearen oldozpen sakona ezinbestekoa dela ematen dit. Egia dirudi bozka baliagarriaren biktimak izan direla lehenengoak, eta aitzindari kuestionatu baten errudunak bigarrenak. Oso ohorezkoa Ziarretaren errenuntzia. Lotsagarria, Madrazorena, erruak beti besteek.
Alderdi Popularrak emaitza eskasak, urriak atera ditu. UPDraino joan omen zaizkio papeleta dezente, baina datorren gobernuaren giltza izan daitezke, Patxi Lopezi sostengua emanez gero. Horrek, gauean bertan eman du abisua: aurkeztu egingo da Lehendakaritzarako, berak ardura eta promesa egin baitzuen hautesleriaren aurrean, eta egin, egingo omen du. Eta Basagoitik adierazia du Ibarretxe ez den beste lehendakarigairi emango diola konfidantza botoa. Argi baino argiago: alderdi sozialistak izan dezake hurrengo lehendakaritzaren aginte makila, Gorka Maneiroren adostasuna zail suertatzen ez den heinean, noski, erabateko gehiengoa lortuta.
PSE-EEk erdietsi ditu inoizkorik emaitza onenak, bozken %30 pasatxo. Gehiago espero zuten, nahiz eta 2005ekoak baino berrogei mila bozka gehiago jaso oraingoetan. Sei edo zazpi legebiltzarkide gehiago lortu izana emaitza ederra da, eta zilegitasun osoa du hurrengo gobernu taldea osatzeko. Eta egitea dauka popularren besarkada onartuz gero. Onartuko al du? Zeren truke? Frentismoaren kontrako programa saldu digunez, zelan onar dezake frentismoaren aldetik datorkion sostengua, ez bada dohainik?
Eta, azkenik, ba ote da posible jeltzale eta sozialisten arteko hitzarmenik? Izatekotan, nolakoa, norainokoa? Lopezek onartuko ote luke Ibarretxeren lehendakari ordea izatea? Ez dut uste. Eta alderantziz? Are ezetzago. Baina nire uste xumean, euren arteko adostasuna izango litzateke onena, bi arrazoirengatik. Bata, euskal gizartearen gehiengoaren isla izango bailitzateke eta, bestea, Lizarra garaia amaitu eta Alderdien Legea bezalako tresna bigundu, berrikusi edo berregin bailiteke.
Zail bezain zirraragarri dago gobernugaiaren osaketa. EAJ besteei gailendu bazaie ere, ez du gobernatzeko besteko sostengurik izango. PSEk, bere aldetik, Basagoitiren eskeintza besarka lezake, baina garesti ordaindu ere bai. Sozialista eta jeltzaleek koalizio-gobernua eratu lezakete, baina nor den apaiza eta nor den meza-mutil liskar horretan ibil litezke, nor baino nor, PSEren tentazioa tarteko, alegia, bikotekidez aldatzearena. Esan nahi da, emozioa erruz. Hemendik aurrera, onena dator. Partidaren jokaldirik ederrenak eta, hartara, golak.
Amaitzeko, merezitako zorionak. Lau irabazle, beraz, igandekoan: jeltzaleak, sozialistak, aralartarrak eta updkoak, hurrenez hurren. Zorionak eurentzat, garai ederrak etortzekoak dira. Halakoak eta bakezkoak izango ahal dira.
EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. Irribarre eta malkoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu