EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. DEIALDIA. 

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak martxoaren 1ean izango dira

Datorren urteko aurrekontuak eta neurri ekonomikoak onartuta, eguna iragartzeko «une egokia» dela deritzo lehendakariak

Jon Rejado.
2009ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Martxoaren 1ean izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Legebiltzarra aukeratzeko hauteskundeak. 2009ko aurrekontua eta neurri ekonomikoak onartu ondoren, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez du denbora galdu nahi izan eguna zehazteko. «Bizi garen garai hauetan erantzun azkarrak eman behar ditu politikak». Horrez gain, hauteskundeak azkar egiteko erabakiarekin batera, martxoaren lehen igandean bozetarako deia eginda 2008an hartutako konpromisoa ere beteko duela gogorarazi du.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren ezohiko bilera egin zuen atzo lehendakariak hauteskunde eguna zehazteko. Bilera hasi ostean eman zuten horren berri hedabideei ustekabean. Azken bileran, abenduaren 30ean, ez zuen egunari buruzkozehaztasunik eman, horren inguruan galdetu zioten arren. Atzoko bileran, ordea, sailburuei jakinarazi zien hartutako erabakia, eta, ondoren, agerraldia egin zuen erabakiaren berri emateko. Bertan iragarri zuen datorren astelehenean sinatuko duela Eusko Legebiltzarra desegiteko eta hauteskundeak deitzeko dekretua, hauteskunde kanpaina otsailaren 13tik 27ra arte izango dela, eta, hauteskundeen ostean, martxoaren 11n emaitza jakinaraziko dela.

Otsailaren 13an hasiko den hauteskunde kanpaina «garbia» izateko deia egin zuen Ibarretxek. Alderdi eta lehendakari izateko hautagai guztiek haien argudioak modu «argian eta garbian» azaltzeko eskatu zuen, irainak eta azpijokoa erabili gabe. Jarrera horiek politikariei mesederik egiten ez dietela gogorarazi zuen, eta hiritarrek agintari politikoekiko duten jarrera urrunaren zergatia izan daitekeela gaineratu zuen. Hautagaien artean errespetua nagusitzeko eskaeran bere burua sartzen duela nabarmendu zuen, azkenik. «Jendeari zure ideien berri emateko ez dituzu zertan gainontzekoak iraindu».

Normaltasun irudia

Lehia garbia ez ezik, hainbat mezu ere eman zituen agerraldian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen bozetarako deia «behar duten unean» egitea ona dela azpimarratu zuen Ibarretxek, legegintzaldia bukatzen denean egitea normaltasun erakusgarri baitira. Legegintzaldia normal bukatzea «herrialde serioen, instituzio serioen» erakusgarri dela gaineratu zuen.

Normaltasunaren aldeko mezuaz gain, itxaropena hainbatetan aipatu zuen lehendakariak agerraldian. Gizartean konfiantza osoa duela azpimarratu zuen, une «zailak» bizi dituen arren. «Ez dago herrialde hau geldituko duen ezer, ez ETA eta bere atentatuak, ez krisi ekonomikoa ezta beste edozein oztopo». EAEko gizarteak «indar izugarria» duela nabarmendu ostean etorkizuna elkarrekin eraikitzeko nahia duela gaineratu du.

Azken unera arte lanean

Datorren asteartean Eusko Legebiltzarra desegiteko dekretua indarrean sartuko da -orduan argitaratuko da Euskal Herriko-













Agintaritzaren Aldizkarian- baina Eusko Jaurlaritzak «azken egunera arte» lan egiten jarraituko duela azaldu zuen Ibarretxek. «Hauteskundeen ondorioz beste Gobernu bat osatzen den arte Gobernua lana egiten jarraituko dugu». Hori dela-eta nabarmendu zuen hauteskunde kanpainan esaten direnak, «alderdien artean egon daitezkeen iritzi ezberdintasunak», ez direla nahastu behar Gobernuak egiten duen lanarekin.

Bukatzear dagoen legegintzaldiaren balorazioa etorkizunean egingo duela iragarri arren, azken lau urteetako lana «bizia» izan dela azpimarratu zuen lehendakariak. Gobernuan egon diren hiru alderdi politikoek Eusko Legebiltzarreko gainontzeko alderdi guztiekin elkarrizketa lana egin dutela nabarmendu zuen «gutxiengoan egon den gehiengoa» izan arren. «Azpimarratuko nuke ez ditugula soilik Plan eta Lege asko aurrera eraman; alderdi guztiekin hitz egin eta adostasunak lortu behar izan ditugu horretarako».

Herri galdeketa ez egiteak inolako «frustraziorik» suposatu ez duela adierazi zuen. Lehendakariaren ustez gizarteak badaki Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erabakiak hartzean aurrera egiten dela. Hori dela-eta jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak landu dituen ekimenen artean bakar batek ere ezdiola frustraziorik eragin. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzak «zintzotasunez» lan egin duela azpimarratu zuen atzoko agerraldian, eta hasi dituzten ekimen guztietaz «harro» dagoela gehitu zuen. «Euskal gizartea heldua da eta badaki neurtzen batzuk eta besteek egin duten lana bakea lortzeko, akordio politikoak lortzeko».

Batasunarekin biltzeagatik EAEko Justizia Auzitegi Nagusian hasiko den epaiketari ez zion garrantziarik eman. Datorren urtarrilaren 8an hasiko da epaiketa. «Egun bizi ditugun garai hauetan ezin da denbora galdu fruiturik emango ez duten eztabaidetan». Epaiketan pentsatu beharrean konfiantza islatzeko asmoa baino ez duela azpimarratu zuen Ibarretxek, eta Gizarteak hauteskundeen deialdia normaltasunez ikustea nahi duela errepikatu zuen.

Hirukoari esker onak

Hauteskundeen data iragartzeko prentsaurrekoan esker onak eman zizkion euskal gizarteari Gobernuak egin dituen «akatsak» ulertzeagatik. Eusko Jaurlaritzako Sailburuei ere eskerrak eman zizkien Gobernu Kontseiluaren ezohiko bileran. Haiekin lan egitea «ohorea» izan dela azaldu zuen, eta Gobernuko kidea denaldetik egin duten lanarekin «pozik» dagoela adierazi zuen.

Azkenik, bereziki eskertu zuen azken lau urteetan hirukoaren partetik jaso duen «gertutasuna, beroa eta nahitasuna». «Egunero inguruan dituzun lankideen babesa izatea ez da gauza gutxi gaur egun».

 

EAEko bozak Galiziakoekin batera egitea kritikatu du PSE-EEk



EAren ustez, hauteskundeetan erabakimenari buruzko hautua egin beharko dute herritarrek
ErredakzioaGasteiz

Alderdi politikoak irrikan daude, prest, Eusko Legebiltzar berria eratzeko hauteskunde kanpaina abiatzeko. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hauteskunde eguna zehaztu eta otsailaren 13ra -egun horretan hasiko da ofizialki kanpaina- begira jarri dira jada. Hauteskundeak martxoan izango zirela aurreikusten bazen ere, PSE-EEko eta PPko buruzagiek ez dute begi onez ikusi lehendakariak aukeratutako eguna, egun horretan bertan Galiziako parlamenturako hauteskundeak egingo baitira.

PSE-EEko gizarte politiketarako arduradun Isabel Zelaaren ustez, galiziarrekiko «errespetu falta» nabaria da egun horretan ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek botoa ematea. Jose Blancok PSOEko idazkariordearentzat, berriz, Ibarretxek egun hori aukeratu du hauteskunde kanpainak eta haren kontrako epaiketak bat egin dezaten, eta modu horretan «berriz ere biktimarena egin dezan». Nolanahi dela ere, PSE-EEk jakin bazekien egun hori izan zitekeela aproposena, martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko eguna ospatuko delako eta Europako Parlamenturako hauteskundeak martxoaren ondarrean egingo direlako.

Horiek hala, PSE-EEren ustez, Ibarretxek hauteskundeak «berehala» egin nahi dituela utzi du agerian, berak buru duen gobernuaren proiektua «agortuta» baitago. Iritzi berekoa da Arantza Quiroga Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko idazkariordea. Quirogak mezua igorri dio PSE-EEri, hauteskundeak irabazten baditu,«benetako alternatiba» baten aldeko apustua egin dezan.

Bipolarizazio arriskua

Mikel Irujo, EAko bozeramaileak esan duenez, erabakitze eskubideari buruzko aukera egin beharko du euskal gizarteak hauteskundeetan. Bakarrik aurkezteak ez diela kalterik egingo eta «itxaropentsu» daudela dio EAko kideak.Hirukoa osatzen duen beste alderdiak, EBk, EAJri eta PSE-EEri eskatu die kanpaina «polariza» ez dezaten.



 

Etzi desegingo daEusko Legebiltzarra



URTARRILAK 5

Hauteskundeetarako deialdi ofiziala. Etzi sinatuko du Juan Jose Ibarretxek martxoaren 1ean hauteskundeak egiteko deia jasotzen duen eta Eusko Legebiltzarra desegiteko agintzen duen dekretua. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da asteartean deialdia.



Otsailak 13-Otsailak 27

Hauteskunde kanpaina. Otsailaren 13an, ostirala, hasiko da hauteskunde kanpaina, eta bi aste geroago, otsailaren 27an, amaituko da. Larunbateko hausnarketarako egunaren ostean, bozketa egingo da martxoaren 1ean.



 

48



Azken legealdian onartutako legeak. 2005-2009ko legealdian 48 lege onartu ditu Eusko Legebiltzarrak. 2008a izan da urterik oparoena, 20 lege onartu dira urte horretan. Bide bazterrean geratu dira legealdi horretan onartzekoak ziren bi lege: Udal Legea eta Etxebizitza Legea.



 

EAEko bederatzigarren hauteskundeak izango dira



Legealdia amaitu baino hilabete eta erdi lehenago egingo dira Eusko Legebiltzarra osatzeko bederatzigarren hauteskundeak. 1980ko martxoaren 9an bozkatu zuten estreinakoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek. Bi legealditan izan ezik (1984-1986 eta 1998-2001), beste guztietan bete dira lau urteak.



 

Hiru alditan irabazi ditu hauteskundeak Ibarretxek



Juan Jose Ibarretxe EAJko hautagaia, Patxi Lopez PSE-EEkoa eta Javier Madrazo EBkoa dira Eusko Jaurlaritzakolehendakari izateko aurkeztu diren zerrendaburu bakarrak. Besteak, Unai Ziarreta (EA) eta Antonio Basagoiti (PP) ez dira inoizaurkeztu lehendakari izateko. Ibarretxek laugarren saioa izango du, aurreko hiruretan irabazi ostean, eta Lopezen kasuan bigarrena. Lehendakarigai beteranoena Madrazo da, bosgarren saioa izango du aurtengoa. Ziarreta eta Basagoitirentzat lehen aldia izango da. Azken hauteskundeetan EAJrekin koalizioan joan ostean bakarrik aurkeztea erabaki du EAk. PPko hautagaia berria izango da, Maria San Gilen hutsunea beteko du Basagoitik.



 

Ezker abertzalearenparte-hartzea argitzeko



Oraindik ez dago argi martxoaren 1eko hauteskundeetan aukera politiko guztiak izango diren edo ez. Batasuna etaEH legez kanpo utzi ostean, beste horrenbeste egin zuten 2005eko hauteskundeetan, Aukera Guztiak herri elkargoarekin. EHAK-k aurkeztu ahal izan zuen, eta bederatzi eserleku lortu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.