Iñaki Oiarzabal PPko idazkari nagusiak esan zuen alderdiak aztertu behar duela ea zentzurik baduen PPk estatus politikoari buruzko lantaldean parte hartzea. Gaur, ordea, Borja Semper PPko legebiltzarkideak baieztatu du alderdiak parte hartuko duela lantalde horretan, eta gaineratu du "beti garbi" izan dutela hori.
Lantaldea sortzeaz bozkatu behar dute aurrena Eusko Legebiltzarrean. Bozketa horretan PPk zer egingo duen ez du zehaztu Semperrek, baina argitu du edozer bozkatzen duela ere parte hartuko duela lantaldean. Ekimenak "diagnostiko egokia" egiten badu eta estatutua moldatzeko bidea proposatzen badu, lantaldea sortzearen alde bozkatuko du PPk; aldiz, "marko juridikoa apurtzea" bada asmoa, kontra bozkatuko du PPk, Semperrek azaldu duenez.
Alderdiaren "betebeharra eta ardura" delakoan parte hartuko du PPk lantaldean. Gainera, abertzaleen eredu "iraungiaren" aurrean PPren proposamena jartzeko "aukera" gisa ikusten du Semperrek lantaldea.