Datozen egunetarako deitutako lanuzteak bertan behera uztea erabaki dute Euskotreneko Amara (Donostia) eta Arasoko (Irun) langileek. Greba Batzordeak azaldu duenez, lan gatazkak bere horretan jarraitzen duen arren, enpresak ohartarazi die lanuzteak "legez kanpokoak" direla, baina "azalpen gehiagorik eman gabe". Hala, eta greba egiteko "berme juridikorik" ez dagoela iritzita, deialdia bertan behera utzi dutela jakinarazi du batzordeak.
Greba Batzordeak salatu du lanuzteak hasteko egun gutxi batzuk soilik falta zirenean jasotako oharrak "baldintzatu" egiten duela greba eskubidea, eta horrek sortutako "ezinegona" baretze aldera, hartu dutela erabakia.
Irailean lan egoitza aldatu zieten Amarako Euskotreneko langileei, eta Donostiatik Irunera eraman zituzten. Horiek hala, langileek eskatzen dute enpresak berma ditzala orain arteko lan baldintzak egoitza berrian, eta, batez ere, errespeta dezala libratzen duten asteburu kopurua. Greba Batzordeak, baina, salatu du zuzendaritzaren erantzuna ezezkoa izan dela hasieratik.