Herenegun Poliziak eutanasia aktiboa egiteagatik atxilotutako medikua gaur eraman dute epailearengana; "pertsona ahulak pozoitzea" leporatzen diote. Prokuradoreak espetxeratzeako eskatu du, baina epaileak baldintzapean libre laga du; debekatua du lanbidean jardutea eta auziarekin lotura duten pertsonekin harremanetan jartzea ere bai.
Atxilotuak 50 urte ditu, eta Baionako ospitaleko larrialdi zerbitzuetan lan egiten zuen. Gutxienez pertsona bati eutanasia aktiboa egitea leporatzen diote, baina Poliziak azken bost hilabeteetan gertatutako lau kasutara zabaldu dute ikerketa. Atxilotze agindua azken kasuaren harira etorri da; medikuak, ustez, 92 urteko emakume bati egin dio eutanasia. Emakumea abuztuaren 2an hartu zuten ospitalean, eta hurrengo egunean bertan hil zen. Larrialdi saileko langileek ospitaleko zuzendaritzari ohartarazi zioten ez zela berezko heriotza kasu bat izan; horiek Poliziari abisatu diote.
Sud Ouest egunkariak zabaldu duenez, atxilotuak onartu egin ditu bere aurkako akusazioak, eta eutanasiaren alde agertu da.
Kasua Marc Marie prokuradorearen esku dago.
Ospitaleko arduradunek agerraldia eskaini zuten atzo arratsaldean atxiloketari buru hitz egiteko. Oso larrituta daudela esan zuten, eta atxilotutako medikuaren errugabetasun presuntzioa errespetatzen dutela eta langileenganako konfiantza dutela adierazi zuten.