Jose Maria Otxoa de Txintxeru Euzko Gudarosteko presidente eta Sabino Arana Fundazioko ohorezko patroia hil da.
1936ko gerrak industria-periturako ikasten eta, aldi berean, Euzkadi egunkariaren administrazioan lan egiten ari zela harrapatu zuen; aipatu egunkarian jasotzen ziren teletipoen bitartez izan zuen frankistek Afrikan hasitako altxamenduaren berri. Gerra hasitakoan, Otxoa de Txintxetru boluntario aurkeztu zen Begoñako Batzokian, eta irailaren 24an, 18 urterekin, fronterantz abiatu zen, Gipuzkoako frontea indartu eta Frankoren guda-taldeen erasoari aurre egiteko helburuarekin.
Gerra galdutakoan, Otxoa de Txintxetruk atzerantz egin zuen, Kantabriarantza, beste milaka gudarirekin batera. 1937ko uztailaren 25ean, Santoñako Ituna sinatu eta egun bira, Kirikiñoko gudariak guda-talde frankisten eskuetan erori ziren. Biharamunean Duesoko presondegian sartu zituzten.
José Mª Otxoa urtebete pasa egon zen El Duesoko presondegian. 1938ko abuztuaren 15ean, tren batean sartu eta beste preso batzuekin batera eroan zuten Puerto de Santa Mariako espetxera, Cadizera. Espetxe hura ospetsua zen bertako diziplina zorrotzagatik. Geroago, Algeciraseko espetxera lekualdatu zuten.
Gerra amaituta, diktaduraren kontrako erresistentzia-mugimenduaren antolaketa hasi zirelarik, José Mª Otxoak ere sare horretan lagundu zuen. Diktadura frankistaren azken urteetan, Otxoa de Txintxetruk EAJ antolatzen lagundu zuen. Urte askoan alderdi horren hauteskunde-mekanikaren zerbitzuaren ardura izan ostean, 1984ko maiatzaren 12an Bizkai Buru Batzarreko idazkari aukeratu zuten; ondoren, berriro aukeratua izan zen 1986ko otsailaren 15ean.
Gaur egunera arte Euzko Gudarosteko lehendakaria eta Sabino Arana Fundazioko ohorezko patronoa izan da.
Bihar egingo dute haren aldeko hileta elizkizuna.