Heriotza

Eva Forest idazle eta argitaratzailea hil da

Injustizien kontrako eta giza eskubideen aldeko konpromisoa izan dira bere lanaren ardatzak. Sortzez katalana izan arren, Hondarribian (Gipuzkoa) bizi zen aspalditik. 79 urte zituen.

2007ko maiatzaren 19a
19:13
Entzun
Eva Forest (Bartzelona, 1928) idazle eta argitaratzailea hil egin da.

Bartzelonan jaio zen Forest familia anarkista batean, eta umetako giro hark, Espainiako Gerrak eta frankismoak goitik beherainoko arrastoa utzi dute haren bizitzan. Idazle eta argitaratzaile gisa ere, injustizien kontrako eta giza eskubideen aldeko konpromisoa izan dira Foresten lanaren ardatzak.

Foresten gurasoen iduriko errepresio tresna zen eskola, eta, ondorioz, ez zuten eskolatu. Espaniako Gerra hasi eta segituan hil zioten aita, eta Sobiet Batasunera erbesteratzear zutela azken unean atera zuen amak itsasontzira zeraman kamioitik. 1947an itzuli ziren Bartzelonara, eta orduan eskolatu zen aurreneko aldiz. Handik urtebetera hasi zituen medikuntza ikasketak Madrilen, eta psikiatriaren arloa landu zuen bereziki.

Baina medikuntzak ez zuen ase Forestek besteei laguntzeko eta gizartea aldatzeko zuen grina, eta idaztera eta argitaratzera bideratu zuen bere ahalegina. Erbesteratzeko beharrak, bidaiatzeko senak eta egoerak bertatik bertara ezagutzeko gogoak hara eta hona eraman zuten, eta, besteak beste, Frantzian, Suedian, Sobiet Batasunean eta Kuban ibili zen.

Frankismoaren azken urteetan engaiamendu horrek berak jarri zuen Forest Euskal Herriarekin harremanetan. Hain zuzen ere, 1970ean, Burgosko Epaiketa zela-eta Euskadirekin Elkartasun Komitea sortu zuen Madrilen. 1974an, Operacion Ogro idatzi zuen Julen Agirre izengoitiarekin, ETAk Carrero Blanco Espainiako Armadako almirante eta frankismoko buruzagia hil zuela oinarri hartuta. Ondorioz, atxilotu, torturatu eta 3 urtez espetxean eduki zuten, ETAri laguntzea leporatuta. Euskal Herriarekin zuen lotura horren ondorioz, Hondarribian bizi zen aspalditik Alfonso Sastre senar eta idazlearekin.

1990ean jarri zuen abian proiektu maiteenetako bat Hiru argitaletxea, sakeleko liburuen bidez argitaletxe handien merkatutik eta indarrean den pentsamendutik kanpoko idazleen lanak ezagutzera emateko. Besteak beste, Dario Fo, Noam Chomsky eta Harold Pinterren lanak eman ditu, Sastrerenez gain.

Arestian aipatu bezala, konpromisoaren inguruan ardaztutako bizimoduhorrek sarri sortu zizkion arazoak Foresti, eta behin baino gehiagotan egon zen espetxean. Torturaren kontra engaiamendu berezia izatera eraman zuen horrek guztiak, eta TAT Torturaren Aurkako Taldea sortzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.