Bilboko 4. Instrukzio Auzitegiko epaile Ana Isabel Alvarez Fernandezek ikertuko du Kutxabankek Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko EAEko ordezkari ohiari eginiko ordainketen auzia. Cabiecesekin, Fernando Lopez de Egiluz Kutxabankeko Giza Baliabideetako arduradunarekin eta Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiarekin hitz egin ostean, biak eta Rafael Alkorta ordainketak egiten zituen abokatu bufeteko burua inputatzeko eskatu zion atzo Carmen Adan fiskalak epaitegiari. Iberdrolaren 107.000 euroak ikertzeko eskaera ere egin du fiskalak.
Epaileak fiskalaren txostena aztertu beharko du, erabakitzeko ikerketa abiatuko duen edo ez. Europa Press agentziak zabaldu duenez, bere diru sarreren inguruan galdetu zion fiskalak Cabiecesi, eta soilik Kutxabankekoak aipatu zituen hark. Cabiecesek ez zizkion fiskalari Iberdrolak eginiko ordainketak aitortu, baina Carmen Adanek horren berri izan zuen Bizkaiko Ogasunari eskatutako informazioaren bidez.
EAJ eta PSEk ez dute ikerketa batzordea babestuko
EAJren GBBko buru Joseba Egibarrek Radio Euskadin esan du ez dutela babestuko Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzordea sortzea. Kutxabankeko presidente ohi Mario Fernandezen eta EAEko Gobernuaren ordezkari ohi Mikel Cabiecesen arteko lankidetza harremana argitzeko eskatu du EH Bilduk batzordea sortzea. Egibarren esanetan, EH Bilduren helburua kutxen fusioa ikertzea da, "izen ona zikintzea". Auzia auzitegietan dagoela eta bere bide egin behar duela gaineratu du.
PSEk ere ez du batzordea osatzea babetuko. Europa Pressek PSEko iturriak aipatuz zabaldu duenez, alderdi horrek ez du kutxen fusioari buruzko "auzi orokor" bat egiten lagunduko, iritzita hori dela EH Bilduren asmoa: "Berdin digu zein den erredakzioa, jada islatu baita hori dela ezker abertzalearen interesa".
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak ere hitz egin du auziaz, eta adierazi du PPk babestu egingo duela Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat osatzeko eskaera.
Koalizioko bozeramaile Unai Urruzuno prest agertu da ikerketa batzordearen zereginak mugatzeko, horrek batzordea osatzeko babesak lortzea errazten badu. Horrez gain, Hasier Arraiz koalizioko legebiltzarkideak jakinarazi du EH Bildu aztertzen ari dela auzian akusazio partikular gisa aurkezteko aukera. Gainera, nabarmendu du fiskalak auzia epailearen esku itzi izanak agerian uzten duela egoeraren larritasuna; "kezkagarritzat" jo du hori, eta "inoiz baino beharrezkoago" ikusten du ikerketa batzorde bat osatzea.