«Ez dadila berriro gerta»

Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre Martuteneko auzotarrekin bildu da. Urumearen uholde arriskua gutxitzeko neurriak galdegin dizkiote.

Juan Karlos Izagirre alkatea, atzo, Martuteneko bizilagunei azalpenak ematen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Honek ez du berriz gertatu behar. Egin itzazue behingoz Urumea bideratzeko lanak. Loiolan egin duzue». Donostiako Martutene auzoko bizilagun batek Juan Karlos Izagirre alkateari egindako eskaria da. Atzo iluntzean auzoko ikastolako aretoa bete zuten gainerako auzotarrek txalo zaparrada batekin jaso zuten proposamena. Izagirreren erantzuna hauxe izan zen. «Badakigu urteetan auzo hau baztertua egon dela, baina Urumearen bideratzearen gaiari helduko diogula hitzematen dizuet. Ibaien inguruan eskumena duten erakunde guztiak tartean sartzen ahaleginduko gara».

Izagirre asteburuko uholdeen ondorioz kaltetutako Martuteneko auzotarrekin bildu zen atzo. Hitzordua 19:00etan zen, baina lehenagotik jada bazen jendea ikastolan bilera egiteko egokitu zuten aretoan. Uholdeek utzitako arrastoa sumatzen zen bertan oraindik. Heze usaina agerikoa zen.

Auzotarrak haserre eta kezkatuta zeuden. Izan ziren alkateari bertaratu izana eskertu ziotenak ere. «1983an eta 2004an hemen ez zen inor azaldu», esan zuen hitza hartu zuen auzotar batek.

Joxe Migel Mendiburu proposamen argi batekin joan zen bilerara: Iberdrolak auzoan duen argindar estazioa lekuz aldatzea. «Ezinezkoa da estazio hori soto batean egotea. Euriteak dauden aldiro, urez bete eta argindar gabe geratzen gara. Prest nago inguruan dudan lur sail bat emateko ».

«Izorratuta». Halaxe zegoen Mari Carmen Arribas. Garajea, ganbara eta alabaren ile-apaindegia urez bete zitzaizkion igandean. «Kalte-ordainak, agian, jasoko ditugu. Baina ez eragin zaigunaren adinakoak. Oso gogorra da». Argibide falta salatu zuen. «Apaindegia garbitu egin dugu. Argazkiak atera ditugu aseguruarentzat, baina ez dakigu nahikoa den. Ez dugu beste erremediorik izan. Alabak lanean hasi behar du. Hortik bizi da».

Aseguruen «mantsotasuna»salatu zuen Maria Jesus Sanchezek ere. «Perituak etortzeko hamar bat egun itxaron beharko dugu, eta dagoen kasu mordoarekin ziur gehiago izango direla». Zailtasunak izan zituen aseguru etxearekin. «Ez ziguten aseguru polizaren fotokopia bat ere eman nahi. Jatorrizkoa eramateko eskatzen ziguten. Baina ezin genien eman, erabat bustita baitzegoen». Suhiltzaileen lana kritikatu zuen.

Alkatearen erantzuna

Izagirrek esan zuen ulertzen duela auzotarren haserrea eta kezka. «Ni ere hala egongo nintzateke». Dena den, nabarmendu zuen arazoa aspaldikoa zela, eta beraiek hasieratik erakutsi dutela konpontzeko asmoa. «Orain hilabete hemen izan nintzen zuekin hizketan, eta esan zenidaten arazo larriena uholdeena zela. Orduan esan nizuen hori konpontzeko lan egingo genuela».

Izagirrek ukatu egin zuen larunbatean Añarbeko urtegiko ateak ireki zituztela. Gainera, azaldu zuen Kutxarekin batera elkarlanean ari direla, etxera itzuli ezinik geratu direnei ostatu emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.