Osakidetzak prestatutako protokoloa "oso eraginkorra" dela iritzita, kezkatzeko arrazoirik ez dagoela adierazi du Rafael Olaldek, Bizkaiko Sendagileen Elkargoko idazkariak, Radio Euskadin. Basurtuko erietxean ebolaz kutsatuta egon daitekeen gaixo bat dagoela-eta, Olaldek azaldu du Osakidetzarekin elkarlanean ari dela elkargoa, eta sendagile guztiei eman dietela bete beharreko protokoloaren berri.
Gainera, gomendio zerrenda bat helarazi diete sare pribatuko 2.000 mediku ingururi, balizko ebola kasuen aurrean nola jardun azaltzeko.
Protokolo hori hizpide izan du ELAk. Emandako pausoak txalotu ditu sindikatuak, nahiz eta kritikatu duen "berandu heldutako euria" dela protokoloa. Ebolaren kutsatze maila "ahalik eta gehien murriztu dadin", protokoloan hobekuntza batzuk egiteko eskatu dio Osakidetzari.
Satse erizainen sindikatuko eledun Jon Serranok, ordea, salatu du Basurtuko erietxeko langileek "informazio gutxi" jaso dutela protokoloaren inguruan: "Larrialdietan, erabateko desinformazioa; eta infekziosoen kasuan, informazioa berandu heldu da, eta inprobisatua izan da".