Leiako kidea da Eñaut Larralde. Izuran jaiotakoa da (Nafarroa Beherea), eta 2x2 autobidearen proiektuak zuzenean ukituko duen beldur da. Hilaren 11n egindako biltzar nagusian errepidearen kontrako borroka indartzeko konpromisoa hartu zuen Leiak. Larraldek, halaber, autobidearen kontra lanean jarraituko duela berretsi du.
Nola jakin zenuen zuk zure etxea autobidearen ibilbidean egon daitekeela?
Duela hiruzpalau hilabete jakin nuen. Kontseilu Nagusira joan ginen eta teknikariek osatu duten errolda erakutsi ziguten. Errolda horretan xedeak uki ditzakeen etxeak agertzen dira, eta nirea han dago. Arnegitik pasatuko da, Larzabale eta Oztibarretik barna. Kontseilu Nagusiak eta Nafarroako Gobernuak Orreagan egin zuten bilkuran ere izan ginen, Leiako kideekin batera. Bertze mapa batzuk erakutsi zituzten eta ikusi genuen bide batek inguratzen duela Larzabale.
Errepidearen ibilbide zehatza erakutsi dizuete?
Ez. Ez dakigu nondik inguratuko duten Larzabale, eta nondik segituko duen ere ez dakigu. Mapan larrian ikusten da ibilbidea, batere xehetasunik gabe. Duela lauzpabost urte bidea zabaldu zuten, eta badakigu berriz ere zabalduko dutela. Bi lerrotako errepidea eginen dute, berezia. Traktoreak eta txirrinduak ibiltzeko ere bertze ildo bat egin beharko dutenez, pentsa daiteke nolako zabalera ukanen duen bideak!
Eta zure etxea pasabidearen erdian dago...
Bete-betean harrapatuko naute. Baina benetan sutan jartzen nauena zera da, jakitea kamioiak pasarazteko izanen dela bide berria. Bozkatu gabe dago oraindik xedea, eta, hala ere, ontzat ematen dute. Baina jakin dezatela hautetsiek ez garela geldi egonen, eta ez diegula horrelako izugarrikeriak egiten utziko. Kutsadura, harrabotsa. Badakigu hori pairatuko dugula, baina oraindik ez dakigu zehazki zer eraginen digun etxean. Aldiz, badakigu laborarien lurrak moztuko dituela errepide berriak. Orotara 300 hektarea galduko ditu laborantzak proiektu horren ondorioz.
Kontseilu Nagusiko ordezkariek zuregana jo al dute azalpenen bat emateko?
Ez. Nehork ez dit argibiderik eman. Xedearen lehen fasean daudela diote, estakuru gisa. Baina bi milioi euro xahutu dituzte ikerketa hori egiteko. Orain ebazpenak bozkatu behar dituzte. Lehenik auzapezei erakutsiko dizkiete, eta gero herritarrekin solastatuko direla diote. Baina orain artean sekula ez ditugu ikusi kezkaturik, eta guk ez dakigu deus gure hautetsien ahotik.
«Ez diegu utziko horrelako izugarrikeriarik egiten »
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu