Amaiur koalizioa inpugnatzeko zantzurik ez du ikusi Espainiako Gobernuak. Jose Blanco gobernuburuak jakinarazi du Estatuaren abokatuak aurkeztu dituen txostenetan ez dagoela «zantzurik» edo «arrazoirik» ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatutako koalizioaren zerrendak inpugnatzeko.
«Justizia ministroak esan duena berretsi behar dut. Ez dago zantzurik, ez dago arrazoirik hautagaitza horiek inpugnatzeko. Hori ikusi du Estatuaren abokatuak, eta horretara lotu behar gara».
Francisco Caamaño Justizia ministroak atzo goizean eman zuen txosten horren berri, SER irratian egin zioten elkarrizketan. Horregatik, «printzipioz» koalizioaren zerrendak ez dituztela inpugnatuko azaldu zuen.
PPri ez zaio gustatu jakinarazpen hori, eta Federico Trillo Justizia eta Askatasun gaietako koordinatzaileak zergatiaren azalpenak emateko eskatu dio. «Gobernuak ez du azalpenik eman, eta, gainera, horiek ematea saihesten ari da», esan zuen atzo, kazetarien galderei erantzunez. Haren esanetan, gobernua zerrendak inpugnatzeko asmotan zen hasieran, baina iritziz aldatu du gero. Hori zergatik egin duen azaldu behar lukeela uste du.
Trilloren arabera, Amaiurren zerrendak Auzitegi Gorenean inpugnatzeko, «serio» aztertzeko eskatu zion PPk Espainiako Gobernuari. «Oraindik ez digu ezer esan», gaineratu zuen. «Ez egitea erabaki badu, azaldu egin behar du zergatik hartu duen erabaki hori».
Euskal presoekin hartu beharreko jarreraz ere galdetu zioten kazetariek Trillori. Esan zuen espetxe politika PPk eta PSOEk 2008an sinatutako akordioan jasota dagoela. «PSOE oposizioan dagoenean PPren leialtasun berberarekin akordioa errespetatzea gustatuko litzaidake», esan zuen. Orain arte ezarritako espetxe politika «etorkizunean ezar daitekeen berbera» da, PPko kidearen iritzian. Haren oinarriak legezkotasuna, kontrol judiziala eta banakako tratamendua» direla dio.
Ez dituzte inpugnatuko Amaiurren zerrendak
Zerrenden kontra zergatik ez duten egin behar azaltzeko eskatu dio PPk Espainiako Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu