“Ez dugu isili jarraitu nahi”. Hala adierazi dute euskal herriko hainbat izen ezagunek gaur goizean Bilbon. Euskal presoen sakabanaketa eta giza eskubideen urraketak salatzeko datorren larunbatean Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioetara joateko deia egin dute. Izan ere, egoera horren aurrean isilik geratuz gero, “bizi osoko espetxe zigorra posible egiten duen salbuespenezko legedi bat” onartuko luketela uste baitute. Horregatik ez dira isilik geratu, “mendekuan oinarritu eta presoen zein euren senitartekoen eskubideak urratzen dituen espetxe politikaren aurka” daudelako. Horregatik, Bilbo eta Baionako kaleak betetzeko eskaera egin dute.
Lau urte joan dira ETAk borroka armatua utzi zuenetik, eta denbora honetan zehar alderdi eta erakunde ezberdinek elkarbizitzan aurrerapausuak emateko gutxi lagundu dutela ere salatu nahi izan dute Sarek mugimenduak antolatutako prentsaurrekoan. “Espainiako Gobernuak ez dio kasurik egin nahi euskal gizarteak behin baino gehiagotan eskatu duenari: sufrimenduarekin bukatu, eta zauriak itxi ahal izatea”.
Egoera hori aldatzearen alde agertu dira, besteak beste, Kirmen Uribe, Kepa Junkera, Juanito Oiartzabal, Txontxu Campos, Garbiñe Biurrun edo Iñaki Zarraoa.