Donostia Ospitaleko mobilizazioetan parte hartu du Joan Garai Herrira-ko bozeramaileak, eta handik erantzun dio BERRIAren galderei. Alderdi politikei eskatu die presoen auziari berehala heltzeko eta arduraz jokatzeko. «Ezin da esan egoera berri batean gaudela presoen presoen gaiari konponbidea eman gabe».
Zuen ustez zergatik hartu dute Uribetxeberria gerturatzeko erabakia?
Tamalez Josuren egoera hain larria da non beraiek ere jakitun diren horretaz. Espainiako Gobernuak eta Espetxe Zuzendaritzak badituzte bere gaitzari buruzko txostenak, eta Donostiako ospitalera gerturatzeak eta hori urgentziaz egin izanak horri besterik ez dio erantzuten.
Espetxe politika aldatze aldera, ez duzue urrats gisa ikusten?
Ez dugu inolako urratsik ikusten. Kontrakoa baizik. Espainiako legedia kontuan hartuta eta Josuren gaitza sendaezina eta larria dela aintzat hartuta, kalean egon beharko luke. Ezin dugu urrats moduan ulertu oinarrizko giza eskubideak betetzen ez dituen edozein bide. Zalantzarik gabe bere senideentzat eta berarentzat ere erosoagoa da Euskal Herrian egotea. Baina Josuren kasuan eta gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoen aferan, kaleratzea da aldarrikatu eta eman daitekeen urrats bakarra. Gerturatzea eta Euskal Herriratzea modu egoki eta positibo batean baloratuko genuke edozein presoren kasuan, baina argi eta garbi esan nahi dugu gaixo diren diren presoen kasuan ez dugula onartuko kaleratzea ez den bestelako urratsik. Ezin da ontzat hartu oinarrizko eskubideen kontra jotzen duelako.
Eta zein da Espainiako Estaturen jokabide horren oinarria?
Espainiako Gobernua azken urteetako errezetekin edo oinarriekin ari dio aurre egiten egoera berriari. Agertoki berri bat ireki da Euskal Herrian, eta PPk, tamalez, ez du egoera berri honetara egokitzeko urratsik egin nahi.
Aurreko astean, Loiolan, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Isabel Zelaak esan zuen gaixo dauden zenbait presoren gerturatzearekin senideek eginiko eskaera betetzen ari dela.
Aldarrikapen horrekin nonbait bi elementu nahasten dira. Gaixo dauden presoez ari garelarik, eta berak adierazpen horiek gaixoen inguruan egin zituen, ezin dugu inondik inora ere balorazio onik egin. Gaixotasun larriak dituzten kasuetan argi eta ozen esan behar da, eta hala esan beharko luke Zelaak ere, aske egon behar dutela, giza eskubideen ikuspegitik eta horrela agintzen duelako beraien legediak ere. Beraz, urrats gisa ikustea bere legedia ere onartzen ez duen edozein neurri ez da balekoa. Presoak Euskal Herriratzea urrats positiboa litzateke, baina gaixo larrien inguruan hori ez da nahikoa, giza eskubideen ikuspegitik eta lege ikuspegitik kalean egon behar dutelako berehala.
Etxerat-ek bilerak hasi ditu eragile politikoekin. Bilera horiek Espainiako Gobernuren jarrera aldatzeko balioko dutela uste duzue?
Arduraz jokatzeko eskatzen diegu alderdi politiko guztiei. Gatazkaren konponbidearen ikuspegitik presoen gaia hartzea ezinbestekoa da. Ezin da esan egoera berri batean gaudela presoen presoen gaiari konponbidea eman gabe. Alderdi guztiei esaten diegu ezin dela onartu espetxe politikan ezartzen diren salbuespeneko egoera hauek mantentzea. Salbuespen egoera hauek ez dira soilik gaixo diren presoen aurkakoak. Zigorrak bete dituzten arren, hainbat preso daude espetxean oraindik, noiz eta Estrasburgoko Auzitegiak aurkako esan duen. Salbuespeneko neurria da, ere berean, euskal preso politikoak milaka kilometrotara mantentzea. Hori da alderdi guztiei eskatu behar dieguna. Euskal jendartearen gehiengoak bat egiten du giza eskubideen errespetuan. Giza eskubideen errespetua espetxe politikaren aldaketaren sinonimoa da.
Juan Kalparsoro EAEko fiskalburuak esan du espetxe politikaren aldaketa «tantaka» emango dela eta ez dela neurri kolektiborik izango.
Espetxe politikan aldaketak tantaka ematea ezin dugu onartu. Egoera honetan, eta beti, ezinbestekoa da giza eskubide guztiak betetzea. Beraz espetxe politikaren aldaketa orokorra ezinbestekoa da. Gerora, espetxetik ateratzea, modu kolektiboan edo banaka, bigarren eztabaida bat da. Gu ez gara horretan sartuko. Hori gobernuen eta euskal presoen kolektiboaren artean adostu, hitz egin eta zehaztu behar dute. Aldiz, salatu nahi dugu eztabaida horren atzean ezkutatzen dela oinarrizko giza eskubideak urratzen dituen espetxe politika bat. Eta hori halabeharrez aldatu behar dela, kenduta gero presoak indibidualki edo kolektiboki aterako diren. Eztabaida ezberdinak dira. Eztabaida beste leku batean kokatu behar da. Giza eskubideak errespetatu behar direla diogu.
Jon Garai. Herrira-ko bozeramailea
«Ez dugu kaleratzea ez den beste urratsik onartuko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu