«Zuzendaritzak borondate eskasa du gatazka konpontzeko. San Tomas egunerako grebara deitu dugun arte, ez digute kasurik egin». LABek Bilboko Metroko langile batzordean duen ordezkari Uxune Iriondoren hitzak dira. Berretsi du ez dutela kalterik eragin nahi, eta erabiltzaileen alde ere ari direla borrokan. «Jasotzen duten zerbitzua ahalik eta onena izatea nahi dugu».
Nondik dator lan gatazka hau?
Iaztik ari gara borrokan, murrizketen ondorioz behin-behineko langileak kanporatzen hasi zirenetik. Azkenean, akordio bat sinatu zen. LABekoek ez genuen sinatu. Gero, ordea, beste bat sinatu zen, eta guk onartu genuen. Kontuan hartuta aurten beste bi geltoki ireki dituztela Basaurin —Arizkoa eta Basauri erdialdekoa— beharrezkoa zen begiraleen eta gidarien lantaldea handitzea. Baina adostutakoa ez dira betetzen ari. Ez dira lantaldea handitzen ari, baizik eta errelebo kontratuen bidez jendea ordezkatzen. Lanaldi murrizketak behin- behineko langileekin ordezkatzea adostua zegoen, baina ez dira betetzen ari. Lantegietan ere arazoak izan dira. Lan hitzarmenak betetzea nahi dugu.
Urte osoa daramazue protestan, baina gaurko grebak sortu du zarata gehien.
Aurten hamahiru egunetan egin dugu lanuztea, baina zuzendaritzari berdin izan zaio. Bileretara deitu gaituztenean, gainera, bertan ez dira izan benetan erabakiak hartzen dituztenak. Horrek erakusten du zer borondate duten arazoa konpontzeko. San Tomasekora deitu dugun arte, ez digute kasurik egin.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek berak hitz egin du auziaz. Nola hartu duzue hori?
Mingarria egin zaigu. Dena den, halakoekin nabarmen beraiek geratzen dira. Erakusten dute ez dutela gaitasunik enpresa publiko bat kudeatzeko eta sindikatuekin harreman normalak izateko. Lopezek esandako gauza batzuk, gainera, gezurra dira. Bere burua sozialistatzat daukan agintari batek langileen inguruan hala hitz egitea sinestezina da. Gutxieneko zerbitzuekin egin nahi zutena ere gu isiltzeko modu bat zen. Herritarrak gure aurka jarri nahi izan dituzte. Baina, zorionez, babes handia jaso dugu.
Urtarriletik aurrera, zer?
Egoera aldatu ezean, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dugu. Gure helburua da, gainera, herritarrei ondo azaltzen jarraitzea zer gertatzen ari den. Funtsezkoa iruditzen zaigu hori. Izan ere, berriro diot ez dugula katerik sortu nahi. Langile arruntak gara, eta gure eskubideak aldarrikatzen ari gara. Gainera, bezeroek ahalik eta zerbitzu onena eta ziurrena jasotzea ere nahi dugu. Ez gara geure alde ari bakarrik.
Uxune Iriondo. Langile batzordeko LABeko ordezkaria
«Ez dugu kalterik sortu nahi, baina ez dago beste biderik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu