«Ez dugu ongi hartuko emakumeen aurka egiten duen jainkoaren fededunik»

Gipuzkoako hainbat talde feministak Benedikto XVI.a aita santuaren aurkako salaketa jarri dute

Donostia
2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
«Aita santua auzitara eraman nahi dugu emakumeen kontrako indarkeria egiteagatik, baita gay, lesbiana eta transexualen aurkako jarrera mundu osoan zehar zabaltzeagatik ere»; Joana Aurrekoetxea Bilgune Feministako kidearen hitzak dira. Donostian elkarretaratzea egin zuten atzo Gipuzkoako hainbat talde feministak, eta Benedikto XVI.a aita santuaren aurkako salaketa jarri dute auzitegian. Eliza katolikoaren buruak Madrilera egingo duen bisita dela eta, mundu osoko milaka gazte etorri dira egun hauetan Hego Euskal Herrira: «Gazte kristau horiek emakumeen aurka ari den jaungoiko bat gurtzen dute, eta guretzat ez dira ongi etorriak izango», azaldu dute feministek.

Medeak, Plazandreak, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Zumaiako Emakumeen Taldea, Orioko Saltserak eta Zarauzko Sorginak talde feministek, besteak beste, bat egin dute Benedikto XVI.aren aurkako salaketarekin. Testua atzo bertan aurkeztu zuten Donostiako auzitegian, eta ekitaldi sinboliko horren bidez Galiziako feministekin, ekologistekin eta ezkertiar independenteekin bat egin nahi izan dute. Horiek ere joan den azaroan antzeko testu bat aurkeztu zuten auzitegietan, Benedikto XVI.ak Galizia bisitatu zuenean.

«Gu ez gaude erlijio sinesmenen aurka, erlijio inposatzaileen aurka baizik», argitu du Edurne Epelde Bilgune Feministako kideak. Haren aburuz, Eliza katoliko, apostoliko eta erromatarrak «sistematikoki» egin du «emakumeen kontrako indarkeria», eta, gainera, sexu joera, arraza eta ideologia politiko zein erlijiosoengatiko diskriminazio eta bereizkeriaren apologia gauzatzen du etengabe. «Guretzat, gaur egungo gizartean pentsaezina da emakumearekiko zapalkuntza egiten duen erlijioak babestea».

Aita santua atxilo dezaten

Gipuzkoako talde feministek Benedikto XVI.a atxilo dezaten eskatu dute auzitegian aurkeztutako salaketan. Espainiara iristen denean atzemateko eskatu dute, eta, horretarako, hainbat arrazoi eta gertaera azaldu dituzte salaketa testuan.

Batetik, haurren aurkako sexu erasoen kasuak sistematikoki eta era antolatuan estaltzea egozten diote aita santuari. «Estatuburuek ere ez dute inolako immunitaterik horrelako eskubide urraketen aurrean; aita santuak, ordea, zergatik bai?», galdegin du Ana Txurrukak, Medeak talde feministako kideak. Salatu dute oraindik adingabeen aurkako sexu erasoak egiten direla eta horien aurka elizak ez duela inolako neurririk hartzen. «Pederastia kasuen aurrean justiziaren lana oztopatu du Eliza katolikoko buruak», nabarmendu dute.

Bestetik, Espainian ere Eliza katolikoko hainbat kideri sexu abusuak egin izana salatu dute, eta aitasantutzak horiek nazioarte mailan estali dituela azaldu. Halaber, gay, lesbiana eta transexualen aurkako jarrera homofoboak ontzat ematea zigortzeko eskatu dute, eta erlijio, arraza eta ideologia politikoagatik eginiko bereizkeriak debekatu beharko liratekeela aldarrikatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.