"Ez dut Mickeyren azalera bueltatu nahi"

2013ko abenduaren 13a
21:01
Entzun

Maitagarrien ipuinik ez dago Disneyk Europan, Paris kanpoaldean, duen parkeko langileen aldageletan. Minnie, Pluto eta Donald irribarretsuek mozorroa kentzen dutenean, aurpegi luzeak erakusten dituzte haien barruan jarduten duten langileek. Baita mozorro arinagoekin parkean bestelako lanak egiten dituztenek ere: janari banatzaileek, garbitzaileek, mantentze teknikariek, zerbitzu emaileek... Alemaniako Der Spiegel astekariak ohartarazi du Europako magiaren erresuma magia galtzen ari dela, bai konpainiaren kontuek behin eta berriz erakusten dituzten zenbaki gorriengatik, bai zuzendaritzak beharginei ezarritako baldintza txarrengatik.

Joan den hilabetean, bere burua erretzen ahalegindu zen parkeko lorezain bat. Bere burua gasolinaz busti zuen, baina, azken unean, lankide batek lortu zuen eskuan piztuta zeukan pizgailua eskutik kentzea. Hori gertatu baino egun batzuk lehenago, nagusiek bilera batera deitu zuten lorezaina.

Ez da lehenengo aldia, lan baldintza txarrek bultzatuta, langile batek Disneyland Parisen suizidiora jotzen duena. Orain hiru urte, parkeko bi langilek bere buruaz beste egin zuten, eta horietako batek haren amesgaiztoa laburbiltzen zuen ohar bat idatzita laga zuen: «Ez dut Mickeyren azalera bueltatu nahi».

Frantziako sindikatuak haserre daude, eta salatu dute suizidioen erantzulea zuzendaritza ezartzen ari den lan baldintzen kaskartzea dela. UNSA langileen sindikatuen konferentziak azaldu du azken suizidio saioa eragin duten arrazoiak ikertuko dituela. UNSAren arabera, parkeko langileen «lan baldintzak txartzen ari dira, zuzendaritzarekin elkarrizketa falta da, eta diziplina neurriak ugaritzen ari dira». Parkeko giza baliabideen kudeaketa «iraingarria» dela salatu du. Hori dela eta, sindikatuak lan baldintzak hobetzeko eskatzeko gutuna bidali zion Philippe Gas parkeko zuzendariari, eta konpainiaren kontrako salaketa jartzea aztertzen ari da.

Gasek, hain zuzen, murrizketa programa zorrotz bat jarri du martxan, gastuak gutxitu eta zenbaki gorriei aurre egiteko. Zuzendaritzaren esanetan, parkea «Europako erakargarri turistiko handiena» bada ere, bisitariak galtzen ari da: 2012-2013 urte fiskalean hamabost milioi lagun pasatu ziren bertatik, aurreko urtean baino milioi bat gutxiago. Izan ere, kontinente zaharra jotzen ari den krisian, Disneyland Paris ez da fantasiazko uharte bat. 2008az geroztik, dirua galtzen ari da. Iaz, 78 milioi euro inguru galdu zituen, eta 1.700 milioi euroko zorra du eraikuntza konpainiei ordaintzeko, eta beste 70 milioi euro Ameriketako Estatu Batuetako Walt Disney konpainiari pagatzeko, lizentzia eskubideengatik. Hain zuzen, Walt Disney da Parisko parkeko akzioen %40ren jabea, eta gainontzeko akzioak Saudi Arabiako Waleed bin Talal al-Saud printzearen eta akziodun txikien esku daude.

7.000 sinadura

Gastuak murrizteko programak langileen baldintzak ez eze, parkeko instalazioenak ere ezbaian laga ditu. Joan den urrian, esate baterako, ume bat uretako atrakzio batetik jausi zen istripuz, eta larri zauritu zen. Guillaume Gallant Disneyland Paris parkearen miresle belgikarrak egoera salatu, eta gutun publiko bat bidali dio Bon Iger parke tematikoko lehendakari eragileari, langileen zein parkearen baldintzak hobetzea eskatzeko.

Disneyland Paris salbatu izenpeko gutuna dagoeneko 7.000 lagun inguruk sinatu dute. Aisialdi parkearen egiturak «nabarmen kaltetuta» daudela salatu du gutunak, «zatika erortzen» ari dela, janariaren kalitateak ere txarrera egin duela eta ikuskizun mordoa bertan behera geratzen dela. Kalitate kontrol handiagoa eskatu du Gallantek, eta instalazioen mantentzea hobetzea, bai atrakzioena eta bai hotelena, parkeko instalazio asko «hondatuta» daudelako. Parkeko zuzendaritzak, ordea, ukatu egin ditu salaketa guztiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.