Egiaren bila abiatu dira begiradak eta ahotsak. "Non da Jon?", galdetzen dute Jon Anzaren lagun eta senideek joan den apirilaren 18az geroztik. Haren neska-lagunak Baionako geltokira eraman zuen egun hartan. Trenera igo zen, Okzitaniako Tolosara joateko asmoz. Geroztik, ez dute haren berririk. Jon Anza bilatzeko ekimenak zabaldu eta indartu egin dira. Erantzunik ezak susmo txarrak eta usterik ilunenak suspertu ditu. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi du ez duela onartuko galdera hori erantzunik gabe uztea.
Eri zegoen Jon trena hartu zuelarik. Tumore bat zuen buruan. Tumore hori artatzeko hitzordua zeukan apirilaren 24an, Bordeleko erietxean. Ez zen agertu. Geroztik, norabide guztietan abiatu zen familia, haren bila. Erietxetara jo zuten, han ote zegoen galdetuz. Egunkariak miatu zituzten, ezezagun baten gorpua aipatzen ote zuten. Luze egon ziren berri baten beha. Berririk ez zen heldu eta horregatik, maiatzaren 15ean Euskal Herriari jakinarazi zioten berria. Egun berean, salaketa bat jarri zuten Baionako auzitegian.
Heldu bat desagertzen delarik, auzitegiek ez dute abiatzen hura bilatzeko prozedurarik. Baina abokatuek, Askatasunak eta Anzaren familiak azpimarratu zuten Anza nor zen: Espainiako espetxeetan 21 urtez preso egon zen, geroztik Ahetzen bizi zen (Lapurdi) eta iheslaria zela jakinarazi zuen Askatasunak.
Hitzordua Tolosan
Tolosan Anzarekin hitzordua zeukala adierazi zuen gero ETAk agiri batean. Hitzordura ez zela agertu jakinarazi zuen, eta poliziak haren hatz markak hartuak zituela eta hura segika zebilela.
Hori jakitean, ezker abertzaleak prentsaurrekoa eman zuen, eta bahiketaren hipotesia lehenesten zuela jakinarazi zuen. Alde batetik, ETAk emandako berriengatik eta, bertze alde batetik, Euskal Herrian dagoen salbuespen egoerarengatik. "Hego Euskal Herrian, alderdiak legez kanpo jartzen dituzte, Ipar Euskal Herrian militante abertzaleen kontra izaten diren erasoak, tortura kasuak eta bertze hainbat elementuk bahiketaren tesia lehenestera bultatzen gaituzte", adierazi du Anais Funosas Askatasunaren bozeramaleak.
Maiatzaren 23an, brigadak antolatu zituzten Anzaren berri izateko. Talde batek Tolosarako trena hartu zuen, bidaiariei galdezka, Anzaren argazkiak banatuz. Baina nehork ez zekien fitsik. Geltokietan ere banatu zituzten. Jendeak harriduraz hartu zuen gertakariaren berria.
Manifestaldia ere antolatu zuten Miarritzen. Michelle Alliot Marie Frantziako Barne Ministroa eta Alain Lamassoure UMPko eurodiputatuak parte hartzen zuten ekitaldi batean. "Non da Jon?". Polizia berehala saiatu zen protesta desegiten, ke potoak jaurtikiz eta manifestariak joz.
Galdera larria izan arren, botere publikoek, hautetsiek eta hedabideek isildu nahi izan zutela salatu du Funosasek. Ez daudela lasai gaineratu du.
Azken zazpi urte hauetan, Frantziaren eta Espainiaren arteko esku-hartzea gero eta handiagoa dela nabarmendu du Funosasek. Guardia Zibilak usu ibiltzen dira Ipar Euskal Herrian, parte hartzen dute polizia operazioetan. Joan den abenduan, Juan Mari Mujika iheslariak bahiketa salatu zuen. Donapaleuko merkatura (Nafarroa Beherea) joan zelarik, gizon batzuk hurbildu, auto batera igoarazi eta mendira eraman zuten. Polizia espainolak zirela erran zioten eta bi orenez galdekatu zutela. Espainiako Poliziarekin esku hartzea eskatu zioten. Hark gertakaria salatu zuen libre gelditu bezain laster.
Mujikarena ez da kasu bakarra izan. BVE, AAA eta GAL taldeen jarduna freskoegi dago oroitzapenean. Askatasunak jakinarazi duenez, "Guardia Zibilak Alberto Lopez bahitu zuen abuztuaren amaieran, basaki torturatu eta, bost egun geroago, Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuten, bitartean inork deus jakin gabe". Lander Fernandez euskal preso ohia Bilbon 30 minutuz bahitu zutela jakinarazi du. Kolaboratzea eskatu zioten.
"Frantziak oso seriotzat hartu du bahiketaren hipotesia, eta biziki urduri daude", dio Funosasek. Horren adibiderik nabarmenena ekainaren 1ean ikusi zen. Gizon baten gorpua agertu zen Bidarrain, Errobi ibaian. Poliziak berehala inguratu zuen herria. Bidexkak itxi zituen, eta jendeari pasabidea debekatu. Polizia ugari izan ziren. Helikopteroak etengabe ibili ziren inguruan. Baionako Prokuradorea ere bertara joan zen. Hori ez dela usaian gertatzen erran du Askatasunak.
Non da Jon? galderak erantzuna behar duela azpimarratu du Funosasek. "Erantzuna izan arte ez dugu etsiko; mobilizazioak dira erantzun hori lortzeko bidea".
politika
Ez dute etsiko Jonen eta egiaren bila
Apirilaren 18az geroztik ez dago Jon Anzaren berririk. Bahiketaren hipotesiak gero eta indar handiagoa duela dio Askatasunak, eta mobilizaziora deitu du egia jakiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu