Imanol Igeregi. Ikastolen Elkarteko zuzendaria

«Ez dute kontuan hartzen hezkuntzari eta euskarari egiten diegun ekarpena»

Ikastolei ere eragin diete krisiak ekarritako murrizketek. Dena den, Ikastolen Elkarteko zuzendari Imanol Igeregik esan du ziur dela indartuta aterako direla egoeratik.

ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
«Ezin gara erakundeen zain egon». Mezu argia eman du Imanol Igeregik, Ikastolen Elkarteko zuzendariak. Igeregi ziur da krisitik «indartuta» aterako direla ikastolak. Izan ere, aurrera egiteko lana «etengabea» da. Azken erabakia: elkartasun kutxa nazional bat sortzea. Oso kritiko azaldu da Nafarroako Gobernuaren jokabidearekin.

Nola eragiten diete ikastolei krisiaren ondorioz erakundeek egindako murrizketek?

Eusko Jaurlaritzari dagokienez, guk bi sailetatik jasotzen ditugu diru laguntzak: Kulturatik eta Hezkuntzatik. Kultura Sailean bi jaitsiera nabarmen izango ditugu. Sarean dugun euskaltegirako dirua murriztu egin digute, eta soin hezkuntza eta euskara lotzen zituen proiekturako laguntza erabat kendu digute. Hezkuntza Sailean, berriz, 0-3 ziklorako dirua %10 murriztu digute. Gainera, oztopo arkitektonikoak kentzeko laguntza ere ezabatu dute. Gero hor dago langileen soldaten kontua, 2010etik izoztuta baitaude.

0-3 urte bitarteko zikloko jaitsiera hori kezkatzekoa da, ezta?

Bai. Kontuan izan behar da haur bakoitzagatik laguntza bat jasotzen dela. Horretarako, diru kopuru bat dago. Aurten, haur kopurua igo egin da. Hori gertatu denean, diru saila igo egin dute. Aurten, ordea, ez. Ondorioz, jaitsiera bat izan da.

Nafarroan benetan da egoera larria.

Egoera larria egiturazkoa bihurtu da, eta hori benetan da kezkagarria. Horren atzean ez dago bakarrik arlo ekonomikoa, baita legala ere. Benetan kalte egiten diguna Euskararen Legea da. Eremu ez-euskaldunean euskarari egiten zaion aitortza hutsaren hurrena da, eta itunak horren araberakoak dira. Euskararen Legea euskararen aurka aplikatzen dute. Ikastolen Elkarteak gero eta diru gehiago jarri behar du eremu ez-euskalduneko ikastola horiei eutsi ahal izateko. Bestela, desagertu egingo lirateke. Eremu horretan bost ikastola daude, eta kasu askotan bideragarritasun plan zorrotzak jarri behar izan ditugu martxan.

Seaskako ikastolak ere beti egon dira ataka estuan.

Bai. Baina Seaskaren arazoak zorioneko gertaera bategatik da:hazten ari dira ikastolak Iparraldean. Azkenaldian, bi zabaldu dira urtero. Lizeo berri bat ere egiten ari dira, eta lanbide heziketari ere erantzun nahi diote. Alde horretatik, baikorrak izan behar dugu. Legea ez dago alde, baina instituzioen jarrera aldatzen ari da pixkanaka. Baina bideratzen den dirua ez da hazkundearen adinakoa. Hor dago arazoa. Kasu askotan, gainera, eskatzen dena ez da dirua, baizik eta baliabideak: ikastola eraikitzeko zorua uztea, esaterako. Legeak, ordea, hori debekatzen du. Alde horretatik, ikastola batzuen egoera zaila da. Beraz, han ere elkartasunaren bidea ari gara lantzen. Espero dezagun, dena den, Iparraldean halako arazo asko izatea etorkizunean ere.

Krisi egoera ikusita, erakundeei zer eskatzen diezue?

Hezkuntzan arazoa da erakundeek egiten duten interpretazioa titulartasunaren araberakoa dela.Baliabideak behar baino eskasagoak dira, eta, batez ere, publikora bideratzen da. Ez dute kontuan hartzen ikastolek euskarari eta irakaskuntzari egiten dioten ekarpena. Bestalde, guk halabeharrez izan behar dugu titulartasun pribatua. Baina titulartasuna soziala da. Hegoaldean guraso eta irakasleen koperatiba bat gara. Etekin pribaturik lortzeko asmorik ez dugu gure jardunean. Iparraldean, aldiz, kultur elkarte moduan funtzionatzen dugu. Hor ere ez dago irabazi asmorik. Hori gure estatutuetan argi eta garbi jasotzen da. Baina hori kontuan hartzen ez duten arte, zaila da gurearen moduko mugimendu bat ulertzea. Jaurlaritzari interpretazio hori egitea eskatzen diogu, batez ere. Nafarroako Gobernuari beste mezu bat eman nahi diogu: euskara ez da haien etsaia. Nafarroako izaeraren parte bat dela ulertu behar dute. Iparraldean, berriz, izaten ari garen txanpa hori aprobetxatzeko laguntza eskatzen dugu.

Nola aterako da ikastolen mugimendua krisi garai honetatik?

Gu beti izan gara ataka zailean, baina erakundeen laguntzaz edo herriaren elkartasunarekin aurrera atera gara. Kasu honetan ere, indartuta aterako gara. Lanarekin, sormenarekin eta elkartasunarekin aurrera egingo dugu. Ezin gara erakundeen zain egon.Adibidez, guk elkartasun kutxa nazional bat sortu berri dugu. Hala, beste tresna bat izango dugu egoera zail honi aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.