Haurdunaldia legeak zehazten dituen baldintzetatik kanpo etetea delitu da oraindik Hego Euskal Herrian. Marta Dolado abokatuaren ustez, hori da Abortuaren Legeak duen gabezia handienetako bat. «Urte askotako borrokaren emaitza da. Baina emakumeak gehiago babestu behar du abortatzeko duen eskubidea».
Haurdunaldia etetea eskubide da aurrenekoz Hegoaldean, legeak hala onartuta. Zergatik da eskubide?
Emakumearen osasunean eragina duen ekintza medikoa den heinean, emakumeak berak izan behar du horren inguruan erabakitzeko eskubidea.
Hala ere, legeak ez duela eskubide hori behar bezala babesten diozu.
Hainbat arlotan huts egiten du. Adibidez, ez da zerbitzu honen doakotasuna behar bezala bermatzen. Nahiz eta haurdunaldia sare pribatuan eten, Gizarte Segurantzak ordaintzen du. Baina beste edozein ekintza mediko sare publikoan egin badaiteke, zergatik joan behar dugu pribatura haurdunaldia eteteko? Ez dute onartzen abortua ekintza mediko bat dela. Hori da emakumeok dugun arazoa.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haurdunaldiak sare pribatuan etengo direla erabaki zuen Jaurlaritzak. Sare publikoa ez dago horretarako prest, ala?
Sarea bai, baina medikuak dira auzi honetan inplikatu nahi ez dutenak. Beste edozein ekintza mediko egiten duten modura egin behar dute hori ere. Bestetik, haurdunaldia eten nahi duten emakume asko dago, eta horrek gainkarga eragingo luke osasun sistema publikoan. Bi arazo horiei aurre egin baino, nahiago izan dute haurdunaldi eteteak sare pribatura bideratu.
Hortaz, zure ustez ez litzateke kontzientzia eragozpena onartu behar.
Ez, noski. Adibide bat jarriko dut: homosexualen arteko ezkontzak legeztatu zirenean, ezkontza horiek egiteari uko egin zioten epaileak egon ziren. Noiztik egiten dio uko epaile batek legea betetzeari? Noiz ez du egin mediku batek legezko ekintza mediko bat?
Nafarroako emakumeek, berriz, abortuak herrialdetik kanpo egin behar dituzte.
Nafarroako Gobernuak ez du onartu nahi abortua dagoenik, ez du nahi emakume nafarrek abortatzerik, eta ez du arazo honen zama bere osasun sistemaren gain utzi nahi. Halere, duela gutxiNafarroako hamaika ginekologok ohartarazi zuten Nafarroan aborta daitekeela.
Emakumea osasun etxera doanean ematen zaion informazioa eta ezartzen zaion hausnarketa epea kritikatu dituzu.
Erditu nahi diren emakumeei laguntzeko, gobernuak dituen politikei buruzko informazioa ematen dute, ez abortuari buruzkoa. Gainera, hausnarketa epe horrek emakumea gaizki sentiarazten du. Eta ez diot nik. Haiek esaten digute, hausnartzera behartzen dituztenean gaizki sentitzen direla, zerbait txarra egiten ari direla iradoki izan balitzaie bezala.
Zer informazio eman beharko litzateke, hortaz?
Nire ustez, garrantzitsuena da abortua nola egiten den azaltzea. Inork ez du hori galdetzen. Bi teknika daude lehen 14 asteetan. Batean, abortatzeko pilula bat hartzen da, eta emakumea odoletan hasten da, hilekoa izango balu bezala. Bestea xurgatzea da. Umetoki lepotik xurgagailu moduko bat sartzen da, eta fetoa ateratzen du. Hori guztia azaldu behar zaio emakumeari, beste edozein ekintza medikotan bezala. 'Ebakuntza honek honenbeste iraungo du', 'teknika hau edo bestea erabiliko dugu', 'arrisku hauek ditu'... Ezer ez diote azaltzen.
16 eta 17 urteko adingabeek gurasoei jakinarazi behar diete haurdunaldia etetea erabaki dutela. Obligazio horrek zer traba eragiten dizkio?
Eriaren Autonomia Legeak dio 16 urtetik gorako herritarrek edozein ekintza medikoren inguruan erabaki dezaketela. Beraz, ez dugu ulertzen haurdunaldia eteterakoan zergatik jakinarazi behar duten, gainontzeko guztietan ez dute-eta obligazio hori.
Oraindik ere abortua erabaki ekonomikotzat hartzen dela diozu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Askok uste dute haurdunaldia eten nahi duten emakumeek umea hazteko baliabide ekonomikorik ez dutelako hartu dutela erabaki hori. Hori ez da egia. Abortatzea erabakitzen dute une horretan ez dutelako seme-alabarik izan nahi.
Legeak abortua ez ezik sexu eta ugalketa osasuna ere arautzen du.
Estreinakoz lantzen dira bi arlo horiek elkarrekin, lege berean. Ugalketa osasunari dagokionez, gabezia handiak ditu. Ez du esaten, adibidez, kontrazepzio metodoek doakoak izan behar dutela. Eskubideez baino ez du hitz egiten, baina ez du ezer bermatzen.
«Ez dute onartzen abortua ekintza medikoa denik; hori da arazoa»
Abortatu nahi dutenei ebakuntzari buruzko informazioa eman ordez amatasunaz hitz egiten dietela salatzen du Marta Doladok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu