Ez dutela ezetzik onartuko ohartarazi diete Espainiako Gobernuari eta epaileei

Nahiz eta atzokoa «urrats garrantzitsua» izan «jokoan dagoena askoz gehiago» dela azaldu dute

Bilboko udaletxeko inguruak jendez gainezka egon ziren manifestazio amaierako ekitaldian. M.RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Atzokoa manifestazio isila izan arren, deitzaileek isiltasun «aktibo, tinko eta irmo» horren mezuak «gortu arteko oihartzun» zabala izatea eta «dagokion lekuan burrunba sortzea» nahi dute. Euren iritziz, beste inon baino lehen «Espainiako Gobernuan, haren Fiskaltza Nagusian eta Auzitegi Gorenean» sentitu behar dute astindu hori. Hiru erakunde horiei, bada, mezu argia helarazi diete: ez dutela ontzat hartuko ezker abertzalearen legeztatzea ez den beste aukerarik. «Otsailaren 7ko Euskaldunako adierazpenaren ondoren, ez dugu ezetzik onartuko», aldarrikatu dute.

Kontxita Beitiak, 1950eko hamarkadan ikastolen mugimendua sortzeko prozesuan parte-hartzaileizandako andereño historikoak, irakurri zuen manifestazio bukaerako mezua euskaraz, milaka herritarren isiltasunari ahotsa jarriz. Cesar Arrondo euskal diasporako kideak hartu zuen hitza gaztelaniaz. Beste ezeren gainetik, bi jokabide gaitzetsi dituzte batak zein besteak: «Ez ditugu ontzat ematen eratorritako berrogeialdiak eta interes politikoen arabera eraikitako oharpen antijuridikoak».

Azken hilabeteetako gertaeren eskutik, «itxaropena euskal gizartera itzuli» dela irizten diote. Eta oraingoan geratzeko etortzea nahi dutela diote. Itxaropen horrek zer esan nahi duen ere argitu zuen Beitiak, zein diren gertatuko direla uste duten jazoerak. Batetik, «ETAren su etena betiko» bihurtuko den esperantza dute. «Bortizkeriazko edozein jardun eta demokraziaren aurkako inposizioak betirako amaituko» direla ere sinetsi nahi dute. «Giza eskubideak, zibil zein politikoak, norbanakoenak edo kolektiboak, denak errespetatuko diren itxaropena» ere badute.

Baldintza horiek guztiak beteta, Euskal Herrian «inoiz ezagutu ez dugun demokrazia integratzailea» lortzeko aukera dagoela pentsatzen dute. Itxaropena dute, azken batean, «bakea lortzeko». Horregatik honako hau ohartarazi dute: «Ezin dugu onartu itxaropen horri berriro inork iruzurrik egiterik».

Konpromisoa eta jarrera

Atzoko manifestazioan itxaropen horrekin bat egiten duen «kontzientzia kritikoa» bildu zela azaldu zuen Beitiak. Kontzientzia horrek «egunez egun bidea egitea» lortzeko beharrizana dagoela adierazi zuen, eta horretarako lan egitera dei egin, «gure esparru pertsonal zein sozialean nabarmendu dadin».

Gizarteratze hori egia bihurtzeko guraria agertu zuen; «atzoko «garrasi isil eta askotarikoa lehertzeko eta biderkatzeko» nahia. «Aldarri sozial bihur dadila gure pankartaren pregoia: Bakerantz, legalizazioa».

Atzoko manifestazioarekin defendatu zuten helburua, alegia Sortu alderdi berriaren legeztatzea, «urrats bat baino ez» dela argitu zuen Beitiak; «urrats garrantzitsua, hori bai», gaineratuz. Izan ere, haren esanetan, pauso hori «ezinbestekoa da, beharrezkoa». «Baina jokoan dagoena askoz gehiago da». Eta, gainera, jokoan dagoen hori hurbil ere badagoela uste du.

Manifestaziorako deia egin zuten eguna ere gogoratu zuen Beitiak. Harako hartan, «jarrera aktiboa, tinkoa eta irmoa hartzeaz mintzatu» ziren. «Bakeak eta maiuskulaz idatzitako demokraziak guztion konpromisoa eskatzen duela» ere baziotela gomutatu zuen. Manifestazioan parte hartu zuten milaka herritarrek jarrera eta konpromiso hori erakutsi dutela eta deialdiari «harrera beroa» egin diotela iritzita, «esker on zaratatsua» eman zien bere hitzak entzuten zeudenei.

Xabier Oleaga kazetariak egin zituen ekitaldiko aurkezpen lanak. Bukatu berri zena «manifestazio isila baino mezu handikoa»izan zelaazpimarratu zuen. Hark ere eskerrak eman zituen mezu horren hedapenean parte hartzeagatik. Eta, arestian eskatutako konpromisoaren haritik, hurrengo mobilizazioetarako deia egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.