«Astakeria juridikoa» dela eta, argi esan dute 35/02 auzian epaitutakoek: sententziak ez du oinarri juridikorik, eta helburu politikoei jarraituta hartu du erabakia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zigortutako hogei pertsonak jarduera politiko eta publikotik apartatu nahi dituzte, eta, herriko taberna eta elkarteak «indarrez ebatsita», «zigor kolektiboa» jarri nahi diote horien inguruko sektore osoari. Helburu politikoari mezu politikoarekin erantzun diote haiek ere: «Madrilgo Auzitegi Nazionaleko gizon-emakumeok, eta haiek gidatzen dituzuenok: jakin ezazue oker zabiltzatela, jakin ezazue gu ez gaituztela makurraraziko horrelako sasi-epaiketa eta sasi-sententziek. Lehen ere saiatu zineten; hiru aldiz espetxeratu gaituzue. Helegiteak irabazi ditugu Nazio Batuen Erakundean eta Estrasburgon, onartu nahi ez dituzuen helegiteak».
Espainiako Auzitegi Nazionalak hogei lagun kartzelara zigortu eta 103 herriko taberna konfiskatzeko agindu eta biharamunean egin dute agerraldia auzipetuek, Donostian. Hogei bat agertu ziren, zigortutakoak batzuk, absolbituak beste hainbat. Han ziren, besteak beste, Joseba Permach, Rufi Etxeberria eta Joseba Alvarez. Azaldu zutenez, herenegun izan zuten erabakiaren berri, abokatuen bidez, baina atzo eguerdian jakinarazpenik jaso gabe zeuden artean.
Idoia Arbelaitzek eta Karmelo Landak hartu zuten hitza guztien izenean, eta salatu zuten ez duela nondik heldu Angel Hurtado magistratuak idatzitako ia 500 orriko sententziak: «Espainiako Justiziaren iruzurra da». Oinarri bakarra Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak egindako txostenak izan direla, duela hamalau urtekoak, eta horiek hartu eta itsatsi dituela epaileak, hitzez hitz kasu askotan.
Eskubideak, delitu
Epaiketan ere nabarmendu zuten «peritu zientifiko» bihurtu zituztela txosten haiek idatzi zituzten poliziak, eta haiek esandakoak orain froga moduan erabili izana kritikatu dute, egozten zaizkien delituak argudiatu gabe. «Zein dira frogatutako egitateak? Kasu guztietan, jarduera zibil eta politikoak, guztiz zilegi eta demokratikoak». Horien artean dira, esaterako, erakundeetan torturaren aurka edo euskal presoen eskubideen alde aurkeztutako mozioak, hauteskunde zerrendak...
Hori argi utzi du, Arbelaitzen hitzetan, Clara Bayarri magistratuak emandako boto partikularrak. Izan ere, sententziaren mamia zalantzan jarri du Bayarrik, auzipetu guztien absoluzioa eskatzeko. «Agerikoa dena esan du: HB, EH eta Batasuna ez dira inoiz erakunde terrorista izendatuak izan; beraz, ezin da erakunde terroristako kide edo laguntzaile izatea egotzi».
Helburu politikoan dago gakoa, auzipetuen ustez. Ezker abertzalearen legez kanporatzearen atarikoa izan zen instrukzioa, eta hamabi urte geroago ere, interes politikoak daude atzean. «Zergatik orain?», galdetu zuten agerraldian: «Konfrontazio libre eta demokratikoaren beldur direlako. Ezin dutelako, ez dakitelako nola erantzun euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea eta hura gauzatzeko urratsak eskatzen dituztenean».
«Askatasunaren garaia da»
Ohartarazpen bat ere egin diete, ordea, interes horiek dituztenei: «Alferrik ari zarete». Defentsako abokatuek iragarri duten bezala, Auzitegi Gorenean helegitea jarriko dutela berretsi zuten auzipetuek. Guztiei epaia jakinarazi ondoren, bost egun izango dituzte horretarako. Auzipetuen ustez, ez da kasualitatea izan abuztuko oporraldiaren bezperan iristea erabakia. Abuztua jai izanda, irailera arte gutxienez ez dute helegiterik jartzerik izango.
Dena den, «helegite nagusia» Euskal Herrian dagoela gaineratu dute, herritarren esku: «Euskal Herrian estatu eredu propio bat, eredu libre eta demokratiko bat adostu eta antolatzeko gai den herriaren esku dago». Azken orduetan jasotako elkartasuna eskertzearekin batera, haientzat izan zen azken mezua, antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia eginez; «prozesu eta zigor politiko guztiak» eteteko, eta «lehenbailehen» libre irteteko Bateragune auziagatik kartzelan dauden bostak. «Espetxeak preso politikoz husteko garaia da, askatasunaren garaia da Euskal Herrian. Horretan ari gara gu. Askatasuna irabaziko dugu».