Harrera hobea bai, ez ordea bikaina. Horixe erantzun diote, behintzat, Berriari inkesta horren inguruan itauna egin dieten etorkin gehienek. «Euskal herritarrak ez dira eurek uste duten bezain eskuzabalak; ikustea besterik ez dago zelakoak diren paper barik daudenekin izan ohi dituzten harremanak», azpimarratu nahi izan du Luzmeri Ruiz Euskadi-Kolonbia Elkarteko lehendakariak.
Datuak datu, soziometroaren emaitzak aztertuz gero, bi aldeak ikus daitezke: euskal herritarrak gainerako europarrak baino harberagoak direla, baina etorkinak onartzeko zenbait muga ipini behar zaizkiela uste dutela askok.
Mugak, jatorriaren arabera
Mugak, gainera, etorkinen jatorriaren arabera jarriko lituzkete. Bertora herri musulmanetatik lan egin asmoz etorritakoak mugarik gabe onartzen dituztela esaten dute herritarren %45ek, eta mugak ipinita, berriz, %48k. Inola ere onartzen ez dituztenak %4 dira. Hori bai, atzerritarrok europarrak badira, EBtik kanpotik etorritakoak, %49k baldintzarik gabe onartzen dituzte, eta mugak ipintzearen aldekoak %46 baino ez dira. Etorkinak Espainiaz kanpotik etorritako EBko herritarrak badira, azkenik, trabak jartzearen aldekoak %33 besterik ez dira.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar ia guztiek kultura edo arraza ezberdina daukaten herritarrak aintzat hartzen dituztela adierazten badute ere traba edo enbarazu %4ri bakarrik egiten diete, inkestan bertan nabarmen geratzen da etorkinek salatutakoa, langabeziaren erantzukizuna neurri batean eurei egozten dietela, alegia. Datuak esanguratsuak dira oso: EAEko herritarren %41ek etorkinok egoteagatik langabezia handiagoa dela uste dute. Gehiago zehaztuz gero, Araba da iritzi hori gehien zabalduta dagoen probintzia (%47k dute iritzi hori). Lehen mailako ikasketarik ere ez duten bi lagunetik batek hala pentsatzen du. Eta, lanaren arabera, etxekoandreak (%45) eta erretiratuak (%48) dira azken urteetan etorri diren atzerritarrok langabezia-eragiletzat gehien jotzen dituztenak.
Lanarekiko beldurra Europako Batasunean bizi diren bi herritarretik batek duela (%51k) gogoratu dute Euskal Soziometroa egin dutenek.
Horiek kezkak eragindako iritziak baino ez dira, Jaurlaritzako Gizarte Gaietako Saileko arduradunek egunotan argi utzi duten legez; datu zehatzek besterik adierazten baitute: Euskal Herriak etorkinen premia du lan merkatua orekatzeko.
Hori da politikariek esaten dutena, baina baita, gutxi gorabehera, etorkinek eurek Berriari esan diotena: «Gu ekonomiarentzat traba garela esatea gehiegikeria da. Guztiz kontra, gizartea bera indartu eta aberasteko ezinbesteko aldagaia bilakatu gara dagoeneko», azaldu du Tchan Bissa etorkin ginearrak.
Segurtasunagatik kezkatuta
Beharragatik ez ezik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrak arduratuta daude segurtasunagatik ere. Egia da gehienek (%45) aitortzen dutela ez dutela uste etorkinok egoteak segurtasun falta ekarri ahal duenik, baina egia da, baita ere, ia beste horrenbeste direla (%43) kontrako iritzia dutenak.
Segurtasun falta gehiago eragiten diete 65 urte edo gehiago dituztenei, gazteei baino (%50 eta %39, hurrenez hurren); bai eta ikasketa maila txikiagoa dutenei ere (%52), goi mailako ikasketak dituztenen aldean (%38), eta euren burua eskuinekotzat jotzen dutenei (%52), ezkertiarren aldean (%38).
Delinkuentzia dela-eta, bestalde, etorkinak besteak baino sartuago daudela uste dute inkesta erantzun duten erdiek bainogehiagok (%53). Dena dela galdera egiterakoan, delinkuentziarako ustezko joera horren atzean zer dagoen edo zergatik gertatzen den horrela ez dute ez zehazten ez galdetzen soziometroa prestatu dutenek.
LUZMERI RUIZ (etorkin kolonbiarra)
«Paperekin edo gabe lan merkatuan etorkinok jasaten ditugu beti baldintzarik okerrenak»
«Euskal herritarrak ez dira eurek uste duten bezain eskuzabalak, nahiz eta jende ona egon badagoen, leku guztietan bezala. Baina, orokorrean, nik ez dut uste herri honetan horren abegitsuak direnik. Paper bakoek duten tratua da horren lekuko. Kasu latzak ezagutu ditugu. Badut lagun bat paperik gabe etxe batean lau hilabete lanean ibili dena. Hasieran ondo, etxeko andreak urtebeterako lana agindu zion. Orain, baina, oporretara joan direnez, kontratua ez zela benetakoa esan eta kale gorrian utzi du. Guk ez diogu lana inori kentzen, hemengoek utzitakoa hartzera behartuta gaude. Paperak eduki edo ez, beti gaude egoerarik txarrenean. Paperak baditugu gaizki, ugazabek ez dutelako Gizarte Segurantza ordaindu nahi izaten, eta guk geuk pagatu behar izaten dugulako; eta ez badauzkagu, okerrago, nahi dutena pagatzen digutelako eta ezin gara kexatu».
Testigantzak
TCHAN BISSA (etorkin ginearra)
«Gizartea aberasteko etorkinok ezinbesteko aldagaia bihurtu gara dagoeneko»
«Euskal herritarrek besoak zabal-zabalik hartu bagaituzte ere, uste dut harremanak gehiago estutu beharko liratekeela elkarren ezagutza hobetzeko. Egia da, bai, etorkinoi ematen diguten tratua Europako lurralde askotan ematen dutena baino hobea dela. Herritarrek, noski, Administrazioak traba handiak ipintzen dizkigu-eta paperak lortzeko, eta hori oso larria da guretzat. Eskerrak hemen, EAEn, gizarte mailako laguntza asko dagoen. Eta lana aipatzen dela, ez dut uste badenik bertoko inori lanik kendu dion etorkinik. Ikustea besterik ez dago zer lan egiten dugun, inork nahi ez duena. Askotan, bizitzeko irabazten dugu, berton dauden baldintzak kontuan hartuta, nahiko justu bizitzeko. Gu ekonomiarentzat traba garela esatea gehiegikeria da. Guztiz kontra, gizartea bera indartu eta aberasteko ezinbesteko aldagaia bilakatu gara dagoeneko».
NORA ARAOJO (etorkin filipinarra)
«Gizarteratzeko baino lan kontuetan izaten ditugu etorkinok arazorik handienak»
«Egia da gizarteratzeari dagokionez, guk geuk, filipinarrok, ez dugula arazo haundirik izaten Euskal Herrian. Oraingoz behinik behin, ez dugu arbuiorik edo gaitzespenik izan gure jatorria dela aitzakia. Ez dugu horrelakorik sumatu. Hori bai, lan kontuetan sartuz gero, esan behar dut ez dudala uste herri hau horren abegikorra denik. Aukera edo erraztasun gutxi izaten da guretzat. Gure kasuan, behintzat, jatorri filipinarra daukagunontzat, horrela jazotzen da. Kontuan hartu beharra dago guk hona etorritakoan arazo handiak izaten ditugula hizkuntzarekin. Ez hori bakarrik. Ez da erraza izaten gure ikasketa agiriak hemen baliozkotzea gero lan merkatuan beharra bilatu ahal izateko. Beste jatorriren bat duten etorkinak zein egoeratan dauden ezin dizut esan ondo ezagutzen ez dudalako, baina gu gutxienez egoera horretan gaude».