Gidor Bilbao. EHUko Euskara eta Eleaniztasun errektoreordea

«Ez gaude graduondokoen eskaintza egokia dela esateko moduan»

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Euskararen Plan Gidariaren emaitzekin pozik dago Gidor Bilbao, EHUko Euskara eta Eleaniztasun errektoreordea. Halere, «ahulguneak» badirela onartu du, eta irmo adierazi du horietan «esfortzua» egin beharra.

Zein balorazio egin duzue Euskararen Plan Gidariaren inguruan?

Ebaluazio zintzoa eta zehatza egiten ahalegindu gara: 2007ko helburu bakoitzean zer egin dugun aztertu dugu. Balorazioa, oro har, positiboa da, neurtu ditugun adierazle guztietan gora egin dugulako, eta ezarritako helburuak ere neurri handi batean bete ditugulako. Adibidez, irakasleen %45 dira euskaldunak une honetan; helburua %42ra iristea. Kanpotik begiratuta pentsa daiteke kopurua txikia dela, baina nondik gatozen jakin behar da: 1989an %13 ziren euskaldunak.

Non dituzue ahulguneak?

Graduondokoetan: oso gutxi ditugu euskaraz, gure eskaintza ez da %17ra heltzen. Momentu honetan bost bakarrik egin daitezke osorik euskaraz. Ez gaude eskaintza egokia dela esateko moduan.

Halere, gradu ikasketetan ere badago kezkarik, Medikuntzan adibidez: gero eta gutxiagok ikasten dute euskaraz, antza kanpoko ikasle asko etorri delako.

Urteren batean kanpoko ikasle multzo handia sartu zen, baina aurten egonkortu egin da. Dena den, ez dut uste arazoa ikasleetan dagoenik, irakasleetan baizik. Lehenengo hiru ikasturteetan irakasgai guztiak daude bermatuta euskaraz, baina bigarren zikloan praktika klinikoak egin behar dituzte, erietxeetako medikuekin, eta hor daukagu problema: lanpostuak atera ditugu, baina batzuetan ospitaleetan ez dago guk behar ditugun espezializazioetako osagile euskaldunik.

Graduondokoei dagokienez, zein traba dago euskaraz abiatzeko? Zergatik kostatzen da hainbeste?

Hurrengo urratsa delako. Orain arte nahiko lan izan dugu graduko ikasketetan euskarazko eskaintza bermatzen; alor horretan jada ezin dugu askoz gehiago egin. Graduak izan dira lehen urratsa, eta, hura bete ondoren, bigarrenari ekin diezaiokegu.

Bestalde, graduondokoen eskaintza konplexuagoa da, espezializatuagoa, eta ikasleak atomizatuta geratzen dira. Beste traba bat da askotan esaten dela komunitate zientifikoaren hizkuntza ingelesa dela; ez da egia: gure graduondoko gehienak ez dira ingelesez, gaztelaniaz baizik. Horregatik EHUko zuzendaritzan gaudenok uste dugu bultzatu behar dugula graduondokoak ere euskaraz izatea.

Egungo unibertsitateetan graduondokoak balio erantsi gisa ikusten dira, kalitatearen adierazle. Nazioarteari begira egotea ez al da beste traba bat hizkuntzarentzat?

Graduondokoak euskaraz bultzatu nahi ez dituztenek erabiltzen dute argudio hori. Kanpoko ikasleak erakartzen dituzten masterrak baditugu, baina beste asko dauzkagu hemengo ikasleekin, gaztelaniaz ematen ditugunak.

Orduan, hor jarri beharko lituzke baliabideak EHUk?

Bai. Uste dugu badagoela leku bat horretarako. Agian, hasteko, ez ditugu master osoak euskaraz eman behar. Ahalegindu behar dugu gaztelaniaz edo ingelesez ematen ditugunetan irakasgai batzuk euskaraz txertatzen. Lehengo lizentziaturetan hala hasi ginen, irakasgai batzuekin, eta horrek eskaria sortu zuen.

Antzeko arazoa dago doktore tesiekin: oso gutxi egiten dira euskaraz. Zein da arazoa?

Ehunekoari begiratuta, eskas gabiltza, baina asko igo da. Gainera, orain badaukagu deialdi homologatu bat, tesia euskaraz egin ahal izateko diru laguntza jasotzeko. Momentu honetan 26 bekadun dauzkagu tesia euskaraz egiten. Beste bide bat da hori: ikerketan badakigu komunikazio hizkuntza askotan ingelesa izango dela, baina artikuluetan edo biltzarretan ingelesa erabiltzeak ez du esan nahi tesia ezin denik euskaraz egin, edo elebitan, eta horrek ekarriko luke oinarrizko ikerketan hizkuntzak era naturalean lantzea, itzultzailerik gabe.

Eta euskara modu naturalean erabiltzen al da EHUn? Zein neurritan da sorkuntzarako hizkuntza, eta zein neurritan itzulpen hizkuntza?

Hizkuntza akademikoaz ari bagara, uste dut lau urteotan urrats handiak egin direla: euskaraz ikasmateriala sortzeko deialdia oso arrakastatsua izan da, eta itzulpenetarako deialdia ere bai. Administrazio hizkuntzan eta eguneroko bizitzan, ordea, zeregin handia daukagu oraindik. Uste dut beste erakundeen parean egongo garela, baina gure administrazioen eta zerbitzuen komunikazioen %90 gaztelaniaz sortzen dela esango nuke, eta gero itzuli. Hori aldatzeko plana abiarazi dugu, baina bidea luzea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.