METODOLOGIA
Bi mahaiko eskeman, ados
EAJren eta PSE-EEren agiriak ez dira zehaztasun handietan sartzen, baina bake prozesurako metodologiari dagokionez Batasunak proposatutako bi mahaien eskemarekin bat datorrela baieztatzen du alderdi jeltzaleak, eta ados dagoela ulertzen zaio alderdi sozialistari, argi eta garbi esaten ez badu ere.
Izan ere, PSE-EEren ebazpenak ez du bigarren mahairik aipatzen, baina euskal alderdien elkarrizketarako esparrua bultzatuko duela esan ondoren, Espainiako Kongresuaren ebazpenak jasotako printzipioekin bat egiten du eta, mozio horretan, Espainiako Gobernuak ETArekin elkarrizketa izateari oniritzia ematen zaio, baldintza jakin batzuk betez gero. EAJren agiriak, bi mahaien eskema ontzat jotzeaz gain, Hirukoaren akordioetan beti normalizazioari eta bakegintzari buruzko elkarrizketa guneak bereiztearen alde egin dutela azpimarratzen du, Batasunari Anoetako proposamenarekin «bide horretatik aurrera» egin duela aitortzen dio, eta alderdi sozialista ere bereizketa horretan bat datorrela dio.Mahaiak abian jartzeko baldintzetan edo konpromisoetan ez datoz bat, baina hirurek adierazten dute, nork bere erara, indarkeriarik gabeko prozesua izan beharko lukeela: gatazka kaletik konponbide mahaira eramateko «oztopo gerta daitezkeen faktoreak» gainditzeko konpromisoa hartuz Batasunak, armak isildu behar dutela esanez EAJk eta «terrorismoaren arbuioa» eskatuz PSE-EEk.
NORMALIZAZIOA
Akordioa bai, baina zertaz
Normalizaziorako akordio politikoa gehiengoaren erabakiz baino gehiago, sentsibilitate guztien arteko adostasunez hartu beharko litzatekeela diote hiru alderdien agiriek. Aldea, baina baita antzekotasunak ere, akordio horretarako proposatzen duten mamian dago. PSE-EEk Gernikako Estatutuari buruzko erreforma egitea proposatzen du, baina akordio oinarrizkoagoa egiteko aukera ere aipatzen du ebazpenak, «herriaren etorkizunaz eta bere esparru juridiko-politikoaz akordio handia» posible egiteko lan egingo duela dioenean. EAJren eta Batasunaren agiriak, berriz, elkarrengandik oso hurbil daude puntu honetan, biek ala biek akordioak erabaki eskubidearen ariketaren ingurukoa izan beharko duela zehazten baitute.
Normalizaziorako akordioaren ondoriozko jokalekuak ahalbidetu beharko lukeen egoerari buruz ere, oinarrian, bat datoz Batasuna eta EAJ: egitasmo guztiak defenditzeko modua ez ezik, gauzatzeko modua ere behar dela, alegia. PSE-EEren ebazpena, baina, esaldiaren aurreneko zatira mugatzen da: proiektu guztiak defendatu ahal izatearen alde dago, baina gauzatzeko aukerari buruz ezer esan gabe.Erreferenduma PSE-EEren txostenak ere aipatzen du, baina Estatutuaren erreformaz izan beharko lukeela zehaztuta. EAJk eta Batasunak galdeketa egiteko antzeko baldintzak jartzen dituzte: era baketsuan eta demokratikoan egin behar dela Batasunak, eta bortizkeriarik gabe eta bazterketarik gabe jeltzaleek. Bada bien artean alderik, hala ere: akordioa ontzat emateko Gernikako Estatutuak baino babes handiagoa lortu beharra proposatzen du EAJk, PSE-EEk bezala. Batasunak ez du proportziorik proposatzen.Hiru alderdiek proposatzen dute, prozesuaren uneren batean, Estatuarekin edo estatuekin negoziatzea: baina PSE-EEk euskal alderdien akordioa Estatuaren aurrean «defendatua» izateabaino ez du helburu, EAJk burujabetza ariketa Estatuarekin ituna eginez gauzatu nahi du, eta Batasunak dio akordioa errespetatua izan dadin estatuekin negoziatu egin beharko dela.
BAKEGINTZA
Ikuspegi kontrajarriak
Indarkeriaren arazoa aztertzeko ikuspegietan oso urrun daude hiru alderdiak. Zerbaitean bat egiten badute, arazoaren dimentsio politikoa aitortzean egiten dute, PSE-EEk oso zeharka egiten badu ere.
Bakea «terrorismoa bukatzearekin» parekatzen du PSE-EEk, esparru politikoari buruzko eztabaidatik bereizi egiten du erabat, baina bakeak ordain politikorik ez duela esatearekin batera, politikak bakea lortzen lagun dezakeela dio.Hitzez hitz horixe bera dio EAJk, ordain politikorik ez duela baina politikak lagundu dezakeela, baina ildo horretan gehiago sakontzen du: bakea bortizkeria gabeziatik hasten denez, «bortizkeria erabiltzen dutenen esku» dagoela dio, baina indarkeriari «amaiera elkarrizketatua» ematearen alde dagoela, baina beti ere ETAk erabaki politikoak baldintzatzeko ahalmenik ez duela argi utzita.Oso bestelako ikuspegia agertzen du Batasunak Orain herri orain bakea agirian, gatazka armatuaren amaiera konponbide politikoarekin lotzen baitu: «Prozesu honen helburua gatazka politikoa eta armatua gainditu eta Euskal Herria eta euskal herritar guztien eskubide ororen errespetuan oinarritutako eskenatokia ahalbideratzea da».
PAREKATZEKO MODUKO PASARTEAK HIRU PROPOSAMENETAN
'ORAIN HERRIA, ORAIN BAKEA' 2004-11-14
Konponbidearen giltza
· «Eremu politiko eta administratibo ezberdinetan zatiturik eta urturik, Euskal Herria herri ukatua da, luzaz ukatua. (...) Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea onartuz eraiki daiteke soilik konponbidea».
Bakerako aukera
· «Egungo egoerak (estatus politikoen krisiak, proposamenen ugaltzea, herri kontsultaren beharra) baldintza berriak sortu ditu gatazka konpontzeko egin beharreko apustuari begira.
Indarkeriaren gabeko prozesua
· «Ezker abertzalearen ardura da gatazka politiko eta armatua kaletik atera eta konponbide mahaira eramatea. Helburu hau betetzeko oztopo gerta daitezkeen faktoreak gainditzeko konpromiso sendoa behar da guztien partetik. Batasunak konpromiso hori berretsi nahi du».
Akordio integratzailea
· «Eraiki beharreko akordioak, Euskal Herriaren historia eta errealitatea kontuaz hartuz, sentsibilitate politiko ezberdinen atxikimendu eta errespetua lor dezan konpromisoa hartzen du [Batasunak]».
Kontsentsuaren bidetik
· «Prozesu honetarako Batasunak bere prestutasun osoa azaldu nahi du, aurretik aitortuz inork ez duela egia osoa eta eraiki behar den akordioa guztiena izango bada, alde guztiek egin beharko ditugula kontzesioak».
Erabakitzeko eskubidea
· «Euskal Herriaren gaur egungo egoeratik abiatuta, euskal herritarrek libre eta demokratikoki hautatuko duten edozein egituraketa posible egingo duen egoera batetara iristeko ibilbidearen inguruan [egin behar da hitzarmena euskal eragileen arteko mahaian]».
Aukera berdintasuna
· «Esklusiboki bide politiko eta demokratikoen erabilerak, proiektu politiko guztiak, muga eta murrizketarik gabe, ahalbideratu ditzan konpromisoa hartzen du [Batasunak, eta hori bera eskatzen die gainerako eragileei]».
Metodologia
· «Gatazkaren konponketari dagokionez, Batasunak bi akordio edo hitzarmenetan oinarritutako prozesua planteatzen du:
1. Euskal Herriko eragileen arteko akordioa.
2. ETAren eta Estatu espainiar zein frantziarraren arteko akordioa».
Herri kontsulta
· «Marko politikoei zilegitasuna emateko, egun edo etorkizunean, herriari galdetu behar zaiola nagusitzea funtsezko gakoa dugu (...). Herri kontsulta horren ondorioak bermatzeko konpromisoak alde anitzekoa izan behar du».
Galdeketarako baldintzak
· «Euskal herritarren hitz ematea era baketsu eta demokratikoan izan dadin behar diren neurriak hartzeko konpromisoa hartzen du [Batasunak]».
Estatuarekin
· «Hitzarmenaren sinatzaileek Euskal Herriko mintzakidetza osatuko lukete, akordioa errespetatua izan dadin estatuekin jorratu beharreko negoziazioari begira».
'ELKARBIZITZARAKO BAKE-BIDEAK'. 2005-10-22
Konponbidearen giltza
· «Konpondu gabeko gatazka politiko zahar bat dago Euskadin, (...) erabakitzeko eskubidea duen herria ukatzeagatik luzatua. Konpontzeko, berriz, akordio politikoen joko korapilatsua eta euskaldunen nahiari errespetu demokratikoa eskatzen ditu».
Bakerako aukera
· «Beste aukera bat badugu. Ezin du inork beste aldera begiratu. Euskal gizarteak ez liguke barkatuko. Politika-politika egiteko garaia da. Eta armek isildu behar dute politikari entzungo bazaio».
Indarkeriaren gabeko prozesua
· «Bi upeletakoak dira nortasunen arteko gatazka eta bortizkeriarena; bortizkeria ez da gatazka politikoari berez darion zerbait. (...) EAJk eskakizun demokratikotzat du prozesuaren amaierarako elkarrizketa erabakigarria ez dadila bortizkeriaren ondorio izan, bortizkeriari uko eginaren ondorio baizik».
Akordio integratzailea
· «Erabaki askearen jarduerarako eta Euskal Herriko sentsibilitate politiko desberdinek onar dezaketen euskaldunen nahiarekiko errespetuarentzat ituna lortzeko hitza ematen du EAJk».
Kontsentsuaren bidetik
· «Konpromiso bikoitzaren onarpena eskaintzen dugu:
1. Ez ezarri orain arteko akordioek duten baino onarpen gutxiagoko akordiorik.
2. Ez eragotzi orain arteko akordioek duten baino onarpen handiagoko akordiorik».
Erabakitzeko eskubidea
· «Eskubide horren [Euskal Herrian bere etorkizuna libreki eta demokratikoki erabakitzekoa] onarpenarekiko eta euskal gizarteak hartzen dituen erabakiekiko errespetua bermatuko duen bidearekiko akordioa lortzeko konpromisoa gure gain hartzen dugu».
Aukera berdintasuna
· «Askatasunarekin eta giza eskubideekin errespetuko den edozer egitasmo defenditzeko aukera ez ezik, gauzatzeko aukera ere behar da, bide demokratikoak erabiliz behar duen herritarren sostengua jasotzen badu behintzat»
Metodologia
· «Ekimena eta erabakia alderdi politikoen ordezkarien eta, azkenik, euskal gizartearen esku dagoen prozesua abian jartzeko ahalbidea ematen du elkarrizketarako bi mahai zabaltzeko proposamenak. Ordezkari politikook lor ditzakegun akordio politikoak ez ditu (...) ETAk baldintzatuko».
Herri kontsulta
· «Elkarbizitzaren esparruaren funtsezko aldaketa egin nahi denean herritarrei iritzia eskatzea politikaren eta demokraziaren eskakizuna da (...) Gernikako Estatutuak lortu zuen atxikimendua baino handiagoa lor dezala galdeketa honek da gure helburua».
Galdeketarako baldintzak
· «Baldintza pila bete behar du galdeketa demokratikoak; bortizkeriarik eza eta bazterketarik eza dira guztien artean garrantzitsuenak».
Estatuarekin
· «Erabakitzeko eskubidea hitzartzeko konpromisoari lotu diogu. (...) Foru tradiziorik onenarekin eta gure bi estatutuen esperientziarekin (...) ondo uztartzen den jokabidea da euskaldunen eta Estatuaren arteko ituna».
V. BILTZARRAREN EBAZPEN POLITIKOA. 2005-10-30
Konponbidearen giltza
· «Argi gelditu behar du, hasieratik, bakea lortzeko ezin dela onartu ordain politikorik (...). Politikak bakea lortzen lagundu dezake, eta lagundu behar du».
Bakerako aukera
· «Bakea lortzea funtsezko lehentasuna da PSE-EErentzat. (...). ETAk gizartearen gain egiten duen mehatxuaren murrizte oro positiboa izanik ere, terrorismoa erabat desagertzea besterik ez da izango aski, bakea eta askatasuna lortzeko».
Indarkeriaren gabeko prozesua
· «Terrorismoaren arbuiotik baino ezingo da abiatu bakegintzari buruzko elkarrizketa politikoa»
Akordio integratzailea
· « Lan egingo dugu, buru-belarri gainera, herriaren etorkizunaz eta bere esparru juridiko-politikoaz akordio handia posible egiteko, bide bakarra baita egonkortasuna eta batasuna bermatzeko».
Kontsentsuaren bidetik
· «Estatutua onartzea posible egin zuen kontsentsuaren logika ezarri nahi dugu, Estatutua garai berrietara eguneratzeko, hobetzeko eta egokitzeko».
Erabakitzeko eskubidea
· «Euskal sozialistok beti errespetatuko dugu euskal herritarren erabakitzeko eskubidea, betiere geure buruari eman dizkiogun lege prozeduren bitartez gauzatzen baldin bada».
Aukera berdintasuna
· «Egitasmo politiko guztiak demokrazian defendatu ahal izatearen alde gaude, indarkeriarik gabeko egoeran, eta legeria eta giza eskubideak errespetatuta».
Metodologia
· «Irmotasun demokratikotik abiatuta, euskal alderdien artean elkarrizketa politikorako esparrua bultzatu nahi dugu euskal sozialistok, Espainiako Gobernuarekin lankidetza estuan eta Diputatuen Kongresuaren Ebazpenak jasotako printzipioetan oinarrituta».
Herri kontsulta
· «Euskal gizarteak Estatutuaren erreformaz erreferendumean erabakitzearen alde gaude, erreformarako lege tramite guztiak bete ondoren».
Estatuarekin
· «Euskal alderdien artean elkarrizketa politikoa bultzatzearen alde gaude (...), euskal alderdiok hitzartzen dugun hori Estatuko aginte publikoen aurrean defenditua izan dadin, leialtasun eta adiskidetasun jokalekuan, historian zehar Euskal Lurraldeen eta Estatuaren arteko harreman moldea markatu duen espiritu paktistaren barruan».