Kukutzaren hustea eta eraistea arrazoitzeko, jabego pribatuaren alde egin zuen atzo Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Udal agintariaren iritziz, epailearen ebazpena «jabego pribatuaren interesen aldekoa» izan da, eta, modu horretan, udalaren txostena babestu du. «Kontu honetan zoruaren legez kanpoko okupazio arazo bat dago, eta udalak jabego pribatuaren alde egin behar du. Bestela, bihar gure etxe batean sartzen badira, dirudienez, norma-normal hartuko dugu», esan zuen Azkunak, Deustu Bier garagardo azokaren inaugurazio ekitaldian.
Epailearen autoa «okerra» izan dela adierazi du, berriz, Bilduk, eta gaineratu du denborak «arrazoia» emango diela Errekaldeko bizilagunei. «Momentu hori heltzen denean, akaso, ez da eraikinik egongo, baina ziur auzoari begirako lanerako gogoak eta gauzak aldatzeko borondateak bere horretan jarraituko dutela».
Iosu Murgia Aralarreko Bizkaiko koordinatzaileak ere autoa kritikatu du, eta gaineratu du erabaki horrekin ez dela eraikinaren kontra bakarrik egiten, «baizik eta Errekaldeko auzotarrek hamahiru urtean eraiki duten kultur proiektu baten aurka».
CCOO sindikatuko gazteen atalak ere elkartasuna adierazi zion atzo Kukutzari, eta dei egin zuen gaztetxearen eraistearen kontra deitutako ekintzetara.
Kukutzaren auzian Bilboko Udalak izan duen jarrera kritikatu du Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaileak ere: «Epaitegian eraistea eskatzeak instituzionala ez den kultur manifestazio oro zokoratzea dakar».
Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak ere eskatu du Kukutzaren eraikina ez botatzeko, legearen arabera «babes lokala» dagokiolako.
«Ez legezko okupazioaren aurrean», Azkunak jabego pribatuaren alde egin du
Bildu, Aralar, Ezker Batua eta CCOOk Kukutza eraisteko baimena ematen duen autoa kritikatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu