«Gobernuek dirua ematen dietela kontuan hartuta, banketxeei eskatu behar zaie laguntzeko hipoteka ordaindu ezin dutenei». Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Lan Harremanetako irakasle Elena Leiñenak (Donostia, 1958) jarrera aldatzeko eskatu die banketxeei etxe kanporatzeen arazoari dagokionez. EHUko Udako Ikastaroetan hitz egin du Leiñenak, etxebizitza ordainetan ematearen alde on eta txarrez.
Hipoteka ordaindu ezin dutenei etxea trukean ematea ahalbidetzen al die legeak?
Bai. Bi aldeak, banketxea eta bezeroa, ados baldin badaude, aukera ematen du etxea emanez bezeroak banketxearekin zuen zorra kitatzeko. Baina, aldi berean, arauak beste bide batzuk ere ematen dizkie banketxeei horretarako, eta kasu askotan horiek erabiltzen dituzte.
Askoren ustez, etxea trukean emanez kanporatzeen arazoa konponduko litzateke; azken batean, zordunen arazoa konponduko litzateke. Ados zaude?
Kasu batzuetan bai, eta besteetan ez. Banaka-banaka aztertu beharko litzateke, eta egoera horretan dagoen familia edo pertsona bakoitzaren egoera aztertu. Batzuek aukera izango dute etxea trukean eman, eta aurrera egiteko: adibidez, alokairu bat ordainduz. Beste kasu batzuetan, ordea, ezingo dute hori egin. Etxerik gabe geratuta, ezingo dira beste norabait joan. Hori dela eta, beste bide batzuk topatu beharko dira: bitartekaritza, adibidez. Baina, modu batera edo bestera, familiaren ohiko bizilekua bada, babestu egin behar da. Eragile guztiok jarri behar dugu lanean horretan.
Zer iruditzen zaizu hipoteka ordaindu ezin dutenen eta banketxeen artean akordioa lortzeko Eusko Jaurlaritzak sortu duen bitartekaritza zerbitzua?
Maiatzean hasi zen martxan, eta,kontuan hartuta uda erdian egon dela, goiz da balorazio bat egiteko. Baina iruditzen zait halako egoera dramatikoak konpontzeko sortzen diren tresna guztiak baliagarriak direla. Katalunian, adibidez, denbora gehiago daramate halako zerbitzuek, eta emaitza politak lortu dituzte.
Legez etxea trukean emateari lehentasuna ematearen aldekoa zara?
Bai. Uste dut araudia aldatu egin behar dela, eta etxea trukean emateari lehentasuna eman. Batez ere fede oneko zordunen kasuan. Azken batean, epaileak ikusten badu aurretik hilero ordaindu duela familia horrek hipoteka, eta egun dituen diru sarrerekin egunerokoari ere heltzeko arazoak dituela, etxea trukean emateko aukera eman beharko litzaioke. Beste aukera batzuk ere badaude: adibidez, hipotekaren baldintzak berriz negoziatzea. Betearazpenaren aurretik, aukera guztiak begiratu behar dira.
Politikariak legea aldatzeko urratsak egiteko borondatearekin ikusten dituzu?
Gaur egun, Espainiako Gobernuak, adibidez, beste lehentasun batzuk dituela uste dut. Zorraren eta finantza sistemaren gorabeherekin nahikoa du. Horretan du burua.
Eta banketxeei zer eskatu behar zaie?
Malguagoak izateko. Azken batean, haien esku dago hipoteka ordaindu ezin duen familia bat kalean uztea, edo ez. Kontuan hartuta gobernuek dirua ematen dietela, eskatu beharko litzaieke beraiek ere hipoteka ordaindu ezin dutenei laguntzeko. Ez dut uste horren zama handia litzatekeenik hori egitea. Gobernuek ere indarra egin beharko lukete banketxeek hala jokatzeko. Gainera, eskatuko nieke informazio zehatza eta gordina emateko hipoteka eskatzera doazenei. Hipoteka bat sinatzen duenak oso argi izan behar du zein egoerarekin egingo duen topo hori ordaintzen hasten denean. Horretaz jakitun izan behar du, egun gertatzen ari diren kasuak ez errepikatzeko.
Garai batean banketxeek onartutako kreditu askoren baldintzak ez al dira gertatzen ari denaren arrazoietako bat?
Argi dago garai batean banketxeek oso erraz ematen zituztela kredituak. Dirua ez bazuten, Europan eskatu eta etxebizitzetarako kredituak emateko erabiltzen zuten. Horren bidez, etekin handiak lortzen zituzten. Orain, baldintzak aldatu egin dira.
Ez al diogu garrantzi handiegia ematen etxea jabetzan izateari?
Esango nuke baietz. Europako herrialde askotan joera bestelakoa da. Herrialde horietako pertsona askok ez dute sekula izaten etxebizitza bat jabetzan. Alokairuan egoten dira bizi osoan. Alemanian, adibidez, herritarren %51 inguru alokairuan bizi dira. Alde horretatik, pentsamendua aldatu beharko litzateke. Ez gara konturatzen etxebizitza bat jabetzan izateak gure bizitza ekonomiko eta pertsonala mugatzen duela. Baina egia da ez direla behar beste sustatzen alokairuaren aldeko politikak.
Elena Leiñena. EHUko irakaslea
«Ez litzateke horren zama handia hipoteka pagatu ezin dutenekin malguago izatea»
Hipoteka ordaindu ezin dutenek zorrari aurre egiteko etxea trukean ematearen alde dago Elena Leiñena EHUko Lan Harremanetako Fakultateko irakaslea. Legez arautu beharko litzatekeela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu