Uztailean EHUko Udako ikastaroetan parte hartu zuen eta BERRIAK elkarrizketatu zuen Eduard Estivill mediku ezagunaren kontrapuntu izan liteke gaur eta bihar Miramarren ikastaroa emango duen Carlos Gonzalezen (Zaragoza, 1960) iritzia.
Ez zara zu haurrek okerreko jokabidea dutenean zigorra baliatzearen aldeko. Zigorra mendekua dela ohartarazi izan duzu.
Hain justu. Zigorra ez da batere ohikoa giza harremanetan. Senanarra gaizki portatzen bada, zer? Zigortuko duzu? Haurrak delitu bat egin badu, justiziaren esku utzi beharko duzu zigorra, baina bestela... zer da haurrak zigortze hori? Haurrek zinez maite dituzte gurasoak, eta oro har, haiek pozik izaten saiatzen dira, beraiez harro egon daitezen. Okerreko ezer egiten dutenean, ez zekitelako oker zegoenik edo zekiten era bakarra hori zelako izaten da.
Neurri bera erabili behar da helduekin zein haurrekin.
Eta neurri ezberdina erabiltzekotan, haurrekin eman beharko genuke errazago amore. Izan ere, haur batek lapurreta egingo balu, heldu batek baino zigor txikiagoa jasango luke. Eta putzu batean sartuko balitz, ez?
Ez luke haurrak okerreko jokabidea duenean ondoriorik izan beharko?
Ez. Haurrak anaia jotzen badu, zein da hori egin behar ez duela irakasteko era? Zuk ere bera jotzea? Egongelaren izkinara bidaltzea? Hala egiten baduzu, baliteke bihar bera izatea anaia zokora bidaliko duena. Zera irakatsi behar zaio: hark egin duena gustoko ez duenean, beste era batez erantzuten. Zein da ba, hartarako era onena? Eredugarri izatea, zeuk ere berarengandik espero duzun gisan jokatzea arazoaren aurrean. Haurrak ez du lehenengoan ikasiko, baina ikasten al dugu helduok lehenengoan ezer?
Haurrekin komunikatzean ere, agintera etengabe darabiltela gogorarazten zaie maiz gurasoei.
Bai, zenbaitek hala egiten dute, baina denetarik dago. Badakizu zer gertatuko den egunkarian «gurasoek gehiegi egiten diete oihu haurrei» publikatuko balitz? Egunean hamabost aldiz oihu egiten dionak bera baino okerragoak badirela pentsatuko lukeela, eta paradoxikoki, astean behin oihukatzen dionak, damua sentituko lukeela, gogorregia izan delakoan. Gurasoak tarteka damutzea ere, ez da ezer txarrik, aldatzen laguntzen baitie.
Nago gurasoen damua eta errua eragiten dituen beste kontu bat haurrekin egoteko astirik ez izatea dela. Egoera horrek ere, tarteka azalpena baino azkarragoa den zigorrera jotzea eragin lezake?
Harreman afektiboa da gurasoen eta seme-alaben artekoa, eta elkarrekin denbora asko egotea eskatzen du, ezinbestean. Orohar, haurrekin denbora asko ematen duten gurasoek jakin badakite nola jokatu. Gure gurasoek ez zuten hainbeste zalantza seme-alaben heziketan! Ez zuten psikologo eta supernannyen beharrik.
Baliteke lehen inguru hurbilenekoen metodoa imitatze hutsarekin konformatzea. Orain, berriz, gero eta pentsamendu korronte gehiago dago: liburu gehiago, hitzaldi gehiago... gurasoek sentsibilizazio handiagoa izan lezakete orain, eta jakina, zalantza gehiago ere bai.
Bai, faktore asko daude. Baina zure seme-alabak hazten ikusi badituzu, izango duzu ideiarik, ziur. Haiekin zauden denbora gutxia zigorrak jartzen eta mehatxatzen pasatzen baduzu, berriz...
Edonola ere, gero eta gehiago hartzen dira aintzat zigorrei, xantaiei eta mehatxuei uko egiten dieten metodoak. Baina, zenbait guraso nahi eta ezinean dabiltzala dirudi.
Bai, esan duzun bezala, lehen gizartea homogeneoagoa zen, eta antzera hezten ziren etxe bateko haurrak eta alboko etxekoak. Orain alternatiba gehiago dago, eta badira haurrei oihurik ez egiten saiatzen diren guraso asko. Era berean, pentsatzeko aulkia bezalakoak babesten dituztenak ere badira. Estatu Batuetan, haurrei zaplastekoak ematea aholkatzen dute zenbait liburutan! Denetariko korronteak daude. Bada metodo bat jarraitzen ari dela uste duen arren, aurkakoa egiten ari denik ere. Ezagutu ditut [Eduard] Estivillen metodoa jarraitzen dutela dioten arren, haiek ez dutela sekula haurra bakarrik negar egiten uzten kontatzen dutenak. Zer da hori? Orduan ez da Estivillen metodoa izango!
Eduard Estivillen aurkako iritzia duzu zuk zenbait kontutan: haurrarekin lo egitea ez dela ezer txarrik irizten duzu zuk, ez dela haurren bizioa, beharra baizik.
Ikastaroak ematen ditudanean, zera galdegiten diet ikasleei: «Bada inor gurasoekin sekula lo egin ez duenik?» Ia inork ez du jasotzen besoa. Hiru edo lau hilabete zituztenean ez ezik, hiru edo lau urte zituztenean ere gurasoekin lo egin izan dutelako da, bestela ez bailirateke oroituko. Denok egin dugu inoiz gurasoekin lo, eta gero, irten egin gara beren ohetik. Besterik gabe.
Ez al dago talkarik behar hori asetzearen eta haurrari autonomo izaten laguntzearen artean?
Haurrak autonomo izan daitezen nahi dugu, baina guk dioguna egiten duten artean. Bakarrik entreteni daitezen, bakarrik jolas dezaten nahi dugu, bakean utz gaitzaten, alegia. Gurasoekin harreman gutxi izateak ez dio haurrari besteekin sozializatzeko mesederik egingo.
Funtsean, gurasoen eta haurren beharrei erreparatu behar zaiela esan nahi duzu, ez zaiola beti psikologo eta pediatren iritziari men egin behar.
Ez zaie pediatrei medikuntzarekin zerikusirik ez duten kontuetan kasurik egin behar. Pneumonia sendatzeko bai, ez ordea, haurrekin lo egin ala ez egin esan diezaguten.
Zein da ba, zuk idazten dituzun liburuen helburua?
Gurasoei pediatrek maiz ezartzen dituzte normek ez dutela oinarri zientifikorik adieraztea. Ez diet nik haurra ohean sar dezatela gomendatuko, ez diet haurrak etengabe besarka ditzaten ere esango. Zera esan argitu nahi diet: ez zaiela pediatrei beti kasu men egin behar, haurrekin lo egiteak ez duela ezer txarrik, ez diela haurrei desorekarik eragingo.
Carlos Gonzalez. Pediatra
«Ez zaie beti pediatrei men egin behar; haurrarekin lo egitea ez da ezer txarra»
Gurasoek haurren beharrei erreparatu behar dietela irizten dio, horiek sentitzen eta eskatzen dutenari so eginez. Baztertu egiten du zigorra, haurrei jokabide egokia azaldu behar zaielakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu