Herri galdeketa prestatzen zebiltzan Etxarri Aranatzen (Nafarroa), 2014ko apirilean botoa emateko. Etxez etxe ari ziren, galdeketa babesteko argazkirako atxikimendu bila. “Manifetan ibilitako bat kontramanifetan egondako batengana joan zen. Tinbrea jo zion, eta berarekin hitz egin nahi zuela esan. Kafe bat atera, eta ordubetez hitz egiten aritu ziren. Pertsona horrek esan zion ez zela argazkian jarriko, baina eskertzen ziola pila bat joan izana, eta egiten ari zirena kontatzea. Etxera joan zenak, bueltakoan, hala esan zien bilerako kideei: ‘Ez dakit zer emango duen, baina, kafe momentu hauengatik bakarrik, merezi du egiten ari garena'”. Manu Gomezek egin du kontakizuna, galdeketa bultzatu zuen A3 plataformako kideak. Emaitzatik haratago, prozesuak “bizipen handiak” utzi dizkie “herriaren historia txikirako”.
Etxarrin galdetu zuten, eta gauza bera egingo dute ekainaren 5ean Gipuzkoako hainbat herritan: Azpeitian, Goierrin eta Debagoienean. Herri horietako ordezkariek orain artekoak kontatu dituzte Koldo Mitxelenan, Donostiako Gure Esku Dago-k antolatuta. Leire Ferro kazetaria aritu da moderatzaile.
GOIERRI
Gure Esku Dago-ren sorrerara egin du atzera Angel Oiarbidek, 2013ko ekainera. Dioenez, bi uste zeuden aldi hartan: batetik, herritarrak sinistuta zeuden sentsibilitate ezberdinekoek ezin zutela bat etorri, eta, bestetik, jendeak ez zekien ze gaitasun edukiko luketen elkarrekin pausoak ematen hasiz gero. Urtebetera jarri zuten lehen erronka: giza katea. “50.000 lagun behar zirela esan genuen, orain hiru urteko termometroak ematen zuen tenperatura hori zelako. Jendeak esaten zuen ez ginela iritsiko. Harrokeriarik gabe baina harrotasunez jarrera bat barneratu genuen”. Herritarrak ezinbesteko izan zirela nabarmendu du Oiarbidek, eta hala direla orain ere: “Borondate bat baldin badago, azaleratu egin behar dugu; gu gara gure etorkizunaren arduradun”.
Urtebete horretan bi ikasgai atera zituzten: “Gai gara pausoak emateko, eta guk uste baino gaitasun handiagoa genuen”. Bigarren urtean norabide horretan segitu zuten, oihalak tresnatzat hartuta. “Hautetsontziak eraiki genituen, fisikoki, ez dekoraziorako, baizik eta erabiltzen hasteko”. Orain arte “begirale” modura egon arren, iritsi da hautetsontziak erabiltzeko garaia. “Gai hau atzo diskusio kontu bat zen, jendea urrundu egiten zuen, eta aitzindari da gai izatea herritarren artean elkarrizketa sustatzeko, entzuteko, hau irrazionaltasunetik arrazionaltasunera eramateko”. Ikasten ari direla dio Oiarbidek, baina aldi berean irudikatzen. “Ekainaren 5ean ez da ezer bukatzen, hasi egiten da. 2014ko uhina iritsi da, eta horko uhinek hurrengo olatua elikatu egin behar dute”.
DEBAGOIENA
2013an Gure Esku Dago aurkeztu ondoren hasi ziren Debagoienean herri mailako lantaldeetan. Lierni Olmedo Erain mugimenduko kideak azaldu duenez, iazko udazkenean aurrera egin nahian zebiltzan, baina “galduta” zeuden. “Angelekin [Oiarbiderekin] elkartu ginen, eta begiak ireki zizkigun. Esan zigun: ‘Debagoienak ez badu olatu honetan parte hartzen, noiz beste batzuek, zuek baino zailago dutenak?'”.
Ordura arte ez zuten eskualde gisa lan egin, herriz herri baizik. Gure Esku Dago-ren horizontaltasunari eutsi nahi zioten, eta, horregatik, herritarrengana jo zuten lehenik. Prozesua urtarrilean hasi zuten, herri bakoitzean bere dinamikarekin. Oñatin, adibidez, kafe hartze tertuliak egin zituzten. Gehienbat, hiru galderaren bueltan aritu ziren: herri galdeketa zertarako, epeak eta galdera. “Oso inportantea izan zen fase hori; herri guztietan erabaki zen aurrera egitea”. Otsail bukaeran Erain aurkeztu zuten, 150 bat debagoiendar ezagunen babesarekin, eta sinadurak biltzen hasi. “6.000 sinadura genuen muga, eta 9.100 baino gehiago batu ziren. Berme handi bat izan zen aurrera jarraitzeko”.
AZPEITIA
Debagoienean bezala, Azpeitian ere galdeketa ekainaren 12an ziren egitekoak, baina Espainiako Gorteetarako hauteskundeak direla eta, aurreratu egin behar izan dute. Horrek “estualdi batzuk” ekarri dizkiela dio Laxaro Azkune Hitzartuko kideak; hala ere, “estu bada ere”, iritsiko dira. Iazko urri bukaeran elkartu ziren lehenengoz 30 bat lagun. Galdeketa bailara mailan egitea ere planteatu zuten, baina, egoera ikusita, herrian zentratzea hobetsi zuten: “Ikusi genuen Azkoitian ez zegoela berotasun handirik, ezta Zestoan ere; Errezilen eta Beizaman beste lan batzuetan zebiltzan”. Hamabost kideko taldea hasi zen lanketan, “talde plural bat”, eta, galdera zehaztu ondoren, herritarrei aurkeztu zieten. “Proposamena babestuko zuten 60 lagun elkartzea zen lehen asmoa, eta 150etik gora etorri ziren. Gure planak puskatu zituzten, baina modu onean”. Sinadura bilketan 1.500 jarri zuten muga, eta 2.000 bat atxikimendu bildu zituzten.
Aste santuak pasatuta, prestalanean hasi ziren, planteamendu garbi batekin: hainbat sektoretara joan, bildu, eta zertarako prest zeuden galdetu. “Musika taldeak berehala hasi ziren, elkarrekin bildu gabeko taldeak martxan jarri ziren, eta Erabakifest jaia egin genuen. Berdin futbolekoek, saskibaloikoek, literatura eta bertsolaritzakoek… alor guztiak inplikatu dira”. Bihar, lib dup bat grabatzekoak dira, 18:00etan, plazan. Kezkarik handiena: gazte jendearengana heldu ote diren.
ETXARRI ARANATZ
2012. urtea “ospatu” egin behar zutela erabaki zuten Etxarri Aranatzen, bi efemeride betetzen zirela eta: 700 urte herria sortu zela, eta 500 urte Nafarroako konkistatik. Herri dinamika bat sortu zuten orduan, eta urte hori “eromena” izan zela gogoan du Manu Gomezek: “35 ekitaldi egin genituen, helburu batekin: ezberdinen arteko topaleku bat egin nahi genuen”. Besteak beste, herri antzerki bat egin zuten 140 lagunekin —2.000 biztanleko herria da, eta 1.300 lagunek ikusi zuten—. “Egun horretan, jendeak negar egin zuen, urteetan elkar hitz egin gabekoak elkartu ziren; oso berezia izan zen”.
Urte hori bukatuta, herri galdeketa prestatzeari ekin zioten. Udalaren bidez egitea erabaki zuten lehenik, bide ofizialetik. “Tramite ofizial guztiak egin, eta nafar gobernuak gelditu egin zuen, UPNk helegitea jarri zuen”. Dena den, aurrera egitea erabaki zuten, eta eurek bultzatuta egin zuten galdera 2014ko apirilaren 13an: Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?. %42,7ko parte hartzearekin, %94 agertu zen alde.
Galdeketa egiteko prozesutik bizipen mordoa atera ditu Gomezek. “Guk garbi dugu galdeketek jendea elkartu egiten duela, eta ez zatitzea. Orain hobeto bizi gara lehen baino, gauza komun gehiago dugu elkarren artean hitz egiteko”. Galdeketa eginda, gainera, tortillari buelta eman diotela dio. “Gure herri galdeketak demokrazia monopolio batetik kendu egin zuen. Demokrazia ez da elite baten tresna. Herritarrok gai gara interesatzen zaigun hori galdetzeko”.
KATALUNIARA BEGIRA
Katalanak behin baino gehiagotan aipatu dituzte mahai inguruan bildutakoek. Katalanak eta haien jarrera. “Autodeterminazioaren aurretik determinazioa dago”, dio Gomezek. Oiarbide bat dator, eta uste du pausoak eman ahala barneratzen dela jarrera: “Guk oraindik ez dakigu zer-nolako gaitasuna daukagun. Katalanen determinazioa hainbestekoa izan da, Espainiako Estatuak barneratua du katalanek erabakita bukatuko dela katalanen auzia”. Eskoziako erreferendumaren adibidea jarri du. “Hemen, batzuek esaten zuten: ‘Han, Cameron dago; hemen, Rajoy’. Ordezkarien jarrerarengan jartzen zen lupa, baina irakurketa hankamotz geratzen da ez badiogu erreparatzen ordezkatuen jarrerari. Gure jarreraren isla da gure ordezkarien jarrera. Katalanek erakutsi dute ez dela utopia bat. Gaurko ordezkari asko atzokoen berdinak, baina beste jarrera bat dute”. Alde horretatik, itxaropentsu dago Gomez: “Garbi daukat lehenago edo beranduago herri hau galdetua izango dela bere osotasunean”.