“Ez, ez genuen ihes egin, bidali egin gintuzten. Anaia bat ihesi joan zelako, aita, ama eta lau ahizpak bidali gintuzten Bilbora. (...) Bilbon lagun batzuen etxean egon ginen. Han sartu ziren arte berriz. Guk bi tropa sarrera ikusi genituen: hemen bat eta Bilbon bestea”. Hemen Zumaian da. Gu Klara Urbieta Albizu da, bere etxekoen historia kontatzen, dozena bat urte zitueneko ibilerak aletzen. “Herrira sartu zirenean aita atxilotu ziguten, eta udaletxean preso egon zen. Libratu zuten pare bat hilabetera edo. (...) Gero hemendik bidali gintuzten”.
1937ko otsailaren 13 hartan gogoa, nerabezarotik heldutasunera derrigorrean jauzi egindakoaren begietatik. Begirada asko. Eta argazki kamera baten begiak harrapatutako irudiak, beste nonbaitekoak diruditenak: arropa fardel, haurrak zapi zuri emakumeen beso nekatuetan, ari zuen faxismo zaparradari aterki itxiekin aurre egin nahian mutilkozkorrak, gudariz erditu ziren hondar-zaku ilara eta txarrantxak... Norberak bere memoria, baina memoria askok bat egiten. Asko baitziren argazki haietako ibilerak bizi izandakoak. Mila inguru, Euzkadi egunkariak argitaratu zituen izen zerrendei erreparatuz gero. Gehiago akaso, egunkari berean idatzita baitago Bilbora heldutako zibilen izenak bildu ahal izan zirela, baina beste herrialde batzuetara joandakoenak ez.
Joan. Militar matxinoek hala aginduta. Eusko Jaurlaritzaren eta Francoren ordezkariak presoen eta zibilen trukaketa negoziatzen ari zirenean. Nazioarteko Gurutze Gorria zuten bitartekari; Jaurlaritzak berehala salatu zuen otsailarekin hasitako zibil kanporaketak negoziazio guztien eta gizatasunaren aurkakoak zirela. Frankistek hartutako herri guztietan zerrendak prestatzeko agindu zutelako; nagusia aurrera —errepublikaren aldekoen lurraldeetara— joana zuten etxeak markatzeko. Eta markatu ostean, neurriak hartzeko.
Lehendabizikoak
Luisa Oruesagasti, Margarita Furundarena, Maria Larrea Larrañaga, Ana Alberdi Arozena, Luisa Elorza Narbaiza eta Esperanza Otaño Oiartza. Eta bederatzi ume. “Bilbora heldu dira Azkoitiko sei emakume koitadu, bederatzi umerekin —titiko batzuk tartean—, Gipuzkoako beren lurretik kanporatuta, etxetik egotzita”. 1937ko otsailaren 9ko Euzkadi-ren lehen orrian jaso zituzten izenak. Azkoitiko emakume eta haur haiek guztiek gerora beste askok errepikatuko zuten kontaketa egin zuten: joandako etxeko gizonekin harremanetan jartzeko eta zortzi eguneko epean herrira bueltatzeko eskatzeko agindu zietela frankistek; “armarekin” bueltatzen ziren gizonei ez zitzaiela ezer gertatuko erantsi ei zieten. Behin epea beteta, frankistek 48 ordu eman zizkieten emazte, arreba, ama eta seme-alaba haiei. “Zuzenean arerioaren eremura pasatzeko” edo “Espainiako [faxisten menpeko] beste probintzia batera alde egiteko”.
Azkoititik bidalitako hamabost pertsona haiek otsailaren 8ko 19:30ean ailegatu ziren Bilbora. Astelehena zen. 09:30ean abiatuak ziren herritik, autobusean, Guardia Zibileko sarjentu baten eta zortzi gizon armaturen zaintzapean. Elgoibarren ordu eta erdiko geldialdia egin zuten, ibilgailua tropez inguratuta zutela. Etenaldiaren ostean, trenbide ondotik kilometro inguru egin zuten oinez; errei ondotik segitzeko esanda utzi zituzten, hiru kilometro ingurura Maltzaga zegoela. Zapi zuria eskuan eta bala hots artean egin zuten bidea. Maltzagan egin zieten harrera milizianoek; auto blindatuan eraman zituzten Eibarrera; handik Bilbora, trenez.
Biharamunean, otsailak 9 zituen, Elgoibartik egotzitako zazpi emakume eta zazpi haur heldu ziren Eibarrera. Elgoibar-Maltzaga-Eibar-Bilbo ibilbidea egin zuten haiek ere. 10ean, Elgoibartik eta Zestoatik bidalitako 32 zibil iritsi ziren Eibarrera, bide beretsua eginda.
Gero eta gehiago
Otsailak 11. Osteguna. 128 zibil heldu ziren Bilbora: Mutrikutik 105; Elgoibartik hamabi eta Altzolatik hamar. Gero eta luzeagoak ziren Gipuzkoako herrietatik kanporatutakoen zerrendak, denbora behar zen Euzkadi egunkariak temoso jasotzen zituen izen-abizen haiek denak irakurtzeko. Ondarroa eta Lekeitio artean zegoen gerra frontea, eta hura zeharkatuta pasatu ziren gehienak. Kostaldeko korridoretik gero eta jende gehiago pasarazten zuten, baina Eibar-Maltzaga bidea ez zuten itxi. Egun hartan kanporatu zuten Benita Bernedo Lariz, esaterako, Altzolatik; hala jasota dago haren izena orduko prentsan; hala dio Ahotsak.com biltegian jasotako testigantzan: “Mutrikuko salaketa batengatik telefonista lanetik bota ninduten, por ser roja. (…) Gero, senarra eremu gorrian zuten andre guztiak botatzea agindu zuten. Ni bota ninduten. Neure ama ere bai, aita ere gorriekin baitzegoen. (…) Ezer gabe, soinean soinekoak, maleta txiki batekin, Elgoibarko Maltzaga bitartean trenbidean oinez… guardia zibilekin… eta ni, hilabeteak zituen gure Koldorekin, euria goian-behean zela busti-busti eginda, guardia zibilekin, a la zona roja botata”.
Otsailak 12. Ostirala. 153 zibilen txanda. Haietatik 119k —Ondarroakoak 109, Azpeitikoak bost, Zestoakoak bi eta Debakoak hiru— kostaldetik zeharkatu zuten fronteko lerroa. Jende pilo hartan bazen beste guztien artean nabarmendu zen bat: Agustina Berridi Iturriza. Ondarrutarra. 96 urte. Eibar-Maltzaga korridoretik, berriz, 34 pertsona pasatu ziren, donostiar eta elgoibartar bana eta 32 azkoitiar.
13ko kolpea
Otsailaren 13koa izan zen kanporaketa egunik latzena. Larunbata zen. 345 zibilek pasatu zuten frankisten eta errepublikanoen arteko muga. Batzuk bezpera gauez ailegatu ziren Ondarroara. Gehienak, hala ere, larunbat goizean bertan. “Gu bota egin gintuzten, gorriak ginelako. Anaia-arreba zaharrenak aitari laguntzera joan ziren, trintxerak egitera. (...) Gero, beste jende hau nagusi hasi zenean, ama lau umeekin bidali zuten. Sei ginen. Nik 7 urte, arrebak 2, ni baino hiru eta sei urte zaharragoak besteak. Hor joan ginen amarekin, ijitoak bezala, kanporatuta!”. Akelino Osa Elosua da, Ahotsak.com gunetik hizketan, umetako oroitzapenak aletzen. “Zumaian bazegoen kamioi bat, errusiarra, eta han sartu gintuzten. Euri txikia zen gainera, eta Debaraino eraman gintuzten. Deban jaitsi eta, kostatik-kostatik, Mutriku eta Ondarroatik barrena, Lekeitioraino joan ginen. Oinez. Ondarroan zubi bat puskatuta zegoen, eta gudariek lagundu ziguten beste aldera pasatzen, eskutik helduta”.
209 pertsona egotzi zituzten frankistek Zumaiatik egun hartan: 68 emakume, 128 haur eta hamahiru gizon. Zarauztik, 63; Getariatik 24; eta Deba eta Ondarroatik bana. Eibartik barrena, beste 42 zibil bidali zituzten: 24 Zestoatik; Azkoititik hamazortzi. Umeak ziren gehienak. Ume zen Iñaki Murua Arregi zarauztarra amari herritik joan behar zuela esan ziotenean; Zarauzko Udalak jasotako testigantza batean daude haren bizipenak: “Zumaiatik, Getariatik eta hemendik bota zuten jendea. Amak 10 eta 8 urtekoak —ni eta Kepa anaia— hartu gintuen, arreba Donostiako osabarekin eta Imanol aiton-amonekin utzita. Autobus batean eraman gintuzten taldean. Frontea Ondarroa eta Lekeitio artean zegoen. Laurel y Hardy-ren eta Charloten pelikuletan ikusten genituen tipokoa zen fronte hura, zakuekin eta trintxerekin eginda. Menditik tiroak entzuten ziren eta umeak-eta amaren eskutik helduta joan ginen. Beste aldekoek bazekiten gu joatekoak ginela, zain zeuden-eta”. Muruaren memoriatik deskribatutako irudiak bat egiten du argazkietan ikusten denarekin: “Lagundu ziguten zaku gainetik pasatzen eta kamio zahar hartan beste aldera pasatzen”.
Argazkiak. Batzuk akorduan iltzatuta eta besteak akorduaren pizgarri. Andoni Odriozolarentza, esaterako. “Zarauztik bidali egin gintuzten. Ama eta hiru anaia. (...) Txilikureneko Hermenejilda gurekin zela badakit, neure burua aldizkari batean ikusi izan dudalako, argazki batean, hari eskua emanda. 4 urte nituen”. Duela 77 urte.
Hurrengo egunean, beste 116 pertsona pasarazi zituzten kostaldeko korridoretik. Otsailaren 15ean, astelehena, beste 32. Handik aurrera, frankistek zibilak egozten segitu zuten, baina ez hain multzo handietan. 928 kanporatu —haurrak %55, emakumeak %41,3 eta gizonak %3,7— zerrendatu zituen prentsak otsail beltz hartan. Martxoan, beste 64. Guztira, 992. Hiru herri nabarmentzen dira bereziki: Zumaia (252 egotzi), Ondarroa (157) eta Mutriku (105).
Humanitariotik ezer ez zuten korridore haietan barna hasi zen askoren exodoa. Bonbardaketak, gosea, gerrako haur sailkapena eta atzerriko errefuxiatu koloniak eta erbeste luzea ezagutu zituzten haietako ugarik. “Orain ikusten dira, bada, umeak-eta ihes egiten? Halaxe pasatu ginen gu, balak sumatzen baina oinez”. Kepa Murua Arregi zarauztarra da, bere 8 urteetako Lekeitio gogoratzen. Guztien errepika errepikatzen. “Bota egin gintuzten”. Ihesik gabe.