euskara

'Ezabatu eta euskaraz bizi!' kanpaina abiatuko du EHEk

"Gatazka politikoak eta asimilazio prozesuak herri euskaldunari eragindakoa" aztertu behar dela dio Euskal Herrian Euskarazek. Bihar hasiko du kanpaina. "Herri euskaldunaren zapalkuntzaren mugak eta hizkuntza paisaia kolorez zipriztindu nahi ditugu".

2011ko azaroaren 2a
18:34
Entzun

Asimilazioaren aurrean, ezabatu eta euskaraz bizi! kanpaina hasiko du Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak, orain arte egiten zuen Ezabaketa Asteari berritu bat emanez. Iruñean aurkeztu dute ekimena, Zabaldi Elkartasunaren etxean, Igone Lamarain, Unai Larreategi eta Nestor Esteban EHEko kideek.

"Azkeneko asteetan gatazka politiko eta armatuaren konponbidearen inguruko iritzi asko entzun ditugu Euskal Herrian. Baina oso iritzi gutxi, edo bat bera ere, gatazka politikoak herri honen izaera eta biziraupenari eragindako ondorioez, gatazka politikoak eta asimilazio prozesuak herri euskaldunari eragindakoaz", esan dute. "Gatazka politikoarekin batera kokatu behar dugu, ezinbestez, herri hau menperatzeko aspaldi abiatutako asimilazio prozesua. Euskarari, euskaldunari eta herri euskaldunari emandakoa eta kendutakoa aztertu behar dugu Euskal Herriaren konponbideaz hitz egiteko garaian".

Horretaz gain, euskarari lehentasuna eman behar zaiola iritzi dio EHEk, eta "hizkuntza politika burujabea" aldarrikatu du. 

Bihar hasiko du kanpaina. "Herri euskaldunaren zapalkuntzaren mugak eta hizkuntza paisaia kolorez zipriztindu nahi ditugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.