Gure edukiak udalean txertatzen baditugu, irabazi egin dugu”. Maiatzeko udal hauteskundeak ditu hizpide Josebe Iturriozek, Plaz hautagaitza feministako bozeramaileak. Aurreko aldietan baino boto gehiago biltzea espero izan arren, ez zaio gustatzen arrakasta matematikek neurtzea. Politika feminismoan oinarriturik egin daitekeela erakutsi nahi dute, eta argi dute zein diren Plaz-en lehen egitekoak: ilusioa sortzen duen egitasmo bat proposatzea, partekatzeko edukiak sortzea, eta beste eragile batzuekin elkarlanean aritzea.
Duela hogei urte Plazandreok plataformak hasitako bidetik, lanean jarraitzen du Plaz-ek. Batetik besterako aldaketa horretan, atea zabaldu diete eragile eta talde feministei; pertsona oso ezberdinak batu dira, eta akordioak lortzen ari dira, Agurtza Zubero Plaz-eko bozeramaile ere denak dioenez: “Aldarrikapenak gehitzen ari gara, eta inoiz ez kentzen”.
Aldarrikapenak gehitzeko “erreferentzia” izan da Emakumeen Etxea mugimendu feministarentzat; ez bakarrik Donostian, baita Gipuzkoa osoan ere, Iturriozen arabera: “Emakume askok ezagutu dugu elkar han, eta elkarlana izan dugu, aniztasuna…”. Gainera, kudeaketa eredu aldetik “oso eredu esportagarria” da beste eragile batzuentzat: “Udalak eta eragileek oso gertutik jarraitzen diote elkarri”. Iaz hilean ia 3.000 emakume igaro ziren batez beste, eta, beraz, “txiki” geratu zaie; horregatik, beste egoitza bat eskatzen dute.
Hautagaitzaren proposamen politikoa ez da, ordea, emakumeei lotzen zaizkien aldarrikapenak egitea soilik, baizik eta sexuaren eta generoaren aldetik sortzen diren diskriminazioak eta botere harremanak analizatzea. “Hautagaitza hau ez da emakumeen gaietan bakarrik sartzen: ekonomiari buruz hitz egiten dugu; hiria ulertzeko beste modu batez ari gara…”. Ekonomia feminista proposatzen du Plaz-ek, hau da, bizitza erdian jartzea. Haien ustez, sistema patriarkalaren, merkatuen eta finantza kapital handien gainetik, biziaren premiei eman behar zaie lehentasuna.
Bizitzari ikuspegi ezkertiarra ematen dio Plaz-ek, eta haren programa betetzeko prest leudekeen alderdiekin gobernatuko luke Donostian, politika feministak praktikara eramatea hitzemanez gero, behinik behin. “Gurekin hitzarmen bat egitea oso konpromiso handia hartzea da. Prest gaude ezetz esateko, edo halako batean ituna hausteko, gure printzipioak betetzen ez badira”. Dena den, beste alderdiekin joanez gero joera orokorrena “feminismoa lausotzea” dela diote.
Oro har, feminismoa ez da ikusten gobernatzeko alternatiba gisa, Zuberoren ustetan. Bat dator harekin Iturrioz: “Jendeak pentsatzen du ez daukagula proiektu orokorrik, eta ez da egia. Ez dute onartzen feminismoa dela azken mendeetan izan den mugimendu politiko interesgarriena; bizirik jarraitzen du, eraldaketak izan ditu, plurala da, eta indarkeriaren eta boterearen diskurtso kritikoa du”.
Legealdi honetan eta aurrekoan, uste dute aurrerapausoak izan direla udalean; “nabari da zinegotzi feministak egon direla”. Hala ere, ondorio bera jaso dute beste alderdi batzuen barruan feminismoan oinarriturik lan egiten dutenen aldetik: “borroka itzela” dela feminista izanda udal batean lan egitea.
Udalari begirako proposamen zehatzei dagokienez, ezinbestekoa ikusten dute aurrekontuetan genero ikuspegia txertatzea. “Gardentasuna ez da webgune batean aurrekontua jartzea, baizik eta azaltzea horrek nolako eragina duen, diruak zein errealitate sortzen duen”. Horrekin batera, azpikontratazioek dakartzaten arazoez mintzatu da Iturrioz: udalak ez dauzka bere prozedura guztietan txertatuta genero klausulak. Haren arabera, diru publiko “pila bat” gastatzen da azpikontratazioetan, baina, modu horretara, udalak enpresa pribatu baten esku uzten du bere erantzukizun publikoa. “Udal batek dena azpikontratatzen badu, baina horiek ez badute berdintasun planik, edo ingurumen inpakturako neurririk…”. Horri bestelako kontratuen edo erantzunen bidez emango lioke irtenbidea hautagaitzak, egitekoa benetan arlo publikoak bete dezan.
Antolamenduari dagokionez, berriz, Plaz-ek lehentasuna ematen dio udaleko sailen arteko harremana lantzeari. “Ez dago koordinaziorik. Askotan, sail batek lan bat egiten du, eta beste batek, erabat kontraesanean dagoen beste bat”. Bestetik, burokrazia amaitzea ere egiteko nagusietako bat litzateke Plaz-entzat. “Antolamendua napoleonikoa da”, Zuberoren ustetan. Horregatik, eta parte hartzeari begira, garrantzitsutzat jotzen dute “erakundea kalera begira jartzea, eta ez kalea erakundeari begira”.
Kaleko talde eta eragileekin lan egitea lehentasunetako bat baita: “garrantzi handia ematen diegu aliantza berriei, nahiz eta haien helburu nagusia feminismoa ez izan”. Komite Internazionalisten lokala erabiltzea aztertzen ari da, Egian. Lokal horretan biltzea “oso esanguratsua” litzateke.
Hautagaitza bakarra aurkeztuko dute Gipuzkoan, Donostiakoa. Aldundira edo beste herri batzuetara aurkezteko aukeraz eztabaidatu badute ere, argi dute hautagaitza lokal bat direla, eta “behetik gora” antolatu nahi dute. Hala ere, ez diote aterik ixten proposamen gehiago izateari: “Aliantzak egiten baditugu Gipuzkoako emakumeekin, elkarlanean, eta haiek ere ikusten badute behar hori dagoela, ongi etorriko dira hautagaitza gehiago”, dio Zuberok.
Gizonak ere bai Plaz-en
Emakumezkoak ez ezik, gizonak ere badira Plaz-en zerrendan. Legeak hala zehazten du, baina Zuberok argi utzi du gizonok konprometituta daudela politika feministarekin. Historikoki feminismoa emakumezkoen aldarrikapenei lotu arren, ez da haien gai soila, Plaz-eko kideen arabera. “Gizonezko batzuk prest daude feminismoari lehentasuna emateko, botere harreman ezberdin bat sortzeko eta hautagaitza feminista bat defendatzeko. Gizonezkoen pribilegioak auzian jartzeko”.
ARLOZ ARLO
Prostituzioa. «Oso garrantzitsua da ikusaraztea Donostian dagoen hipokrisia. Langile sexualak lokaletan daude, baldintza txarretan. Gehienetan, atzean gizonak daude, negozioa egiten. Langile sexualek osasun txartelak behar dituzte, laguntza psikosoziala. Premiazkoa da haiekin harremana izatea. Abolizioaren eta erregulazioaren eztabaidan, gure artean jarrera guztiak errespetatzen saiatu gara: langile sexualei ez diegu minik egin nahi».
Amatasuna eta familia. «Gizarteak ez digu uzten erreproduzitzen. Antolatzeko beste eredu batzuk behar dira, ez familia nuklearrenak. Eredu horrek indarkeria handia sortzen du, gainera».
Etxe kaleratzeak. «Kaleratzeak Stop-ekin aliantza bat lotzen ari gara. Hutsik dauden etxeen zerrenda egin nahi dugu, eta alokairu sozialak bermatu».
Hondakinak. «Ez dakigu eredua zein den; oraingoz eztabaidatu gabeko gaia da. Argi dugu birziklatzea garrantzitsua dela, baina, era berean, ezin dira kartoiz eta plastikoz bete saltzen diren produktuak».
Beloa eta erlijioa. «Gasteizen egiten ari direna lotsagarria da, PPk emakumeen defentsa beloari lotzea. Ez genuke inoiz emakumeen kontrako neurririk hartuko. Ez dugu isunik jarriko emakume batek beloa daramalako, baizik eta dirua gastatuko dugu emakumeen partaidetza, sentsibilizazioa eta jabekuntza bideratzeko. Bestetik, lanketa bat egin behar da erlijioa matxista ez izateko, homofoboa ez izateko, berdintasuna benetan jorratzeko. Katolizismoa oso matxista da».
Zaintza. «Emakumeen gauza bat dela dirudi, baina gorputz guztiek behar dugun zerbait da. Gizona ez da interdependentea? Ez da inoiz gaixo jartzen, ez heltzen?».
Euskara. «Lotura interesgarria dago euskararen eta berdintasunaren artean; bi arlo transbertsal oso antzekoak dira. Sailen arteko lotura nola garatu landu nahiko genuke».
Berdintasun foroak. «Izaera juridikorik ez badute, borondate politikoaren arabera funtzionatzen dute. Izaera juridikoa izanda, lanketa propio bat egin daiteke, salaketak bideratu…».