konponbideari begira

Ezenarro: "Aukera ezin da izan ezer ez egitea, guztion arteko elkarrizketa posible da"

Atzo Eusko Legebiltzarreko bilkura "urrats" gisa ikusten du Aralarreko legebiltzarkideak.

2012ko martxoaren 9a
09:38
Entzun

Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak proposatu du "egungo egoerak uzten dituen zirrikituak erabiltzea" guztien arteko elkarrizketa bideratzeko. "Aukera ezin da izan ezer ez egitea, guztion arteko elkarrizketa posible da", esan du Ezenarrok. Urrats gisa ikusten du atzoko Eusko Legebiltzarreko bilkura Ezenarrok, eta elkarrizketan eta eztabaidan aritutako "minutu bakoitza" positibotzat jo du.

Atzoko bilkura atzeratzearen ondorioz "antzezpen pixka bat" ikusten du, eta haren ustez "bakoitzak dituen beldurrak eta morrontzak erakusten ditu" horrek. "Edukiez aparte, burua aldatu behar da", gaineratu du. 

Hala ere, Ezenarrok azpimarratu du diskurtsoak "egoera berrira egokitzen" ari direla. "Aukeretan zentratu behar dugu, eta ez zailtasunetan. Horrela bakarrik egingo dugu aurrera", esan du.

Indarkeriaren aurrean "erlatibismoa" ikusten du Ezenarrok alderdien artean. "Bake irankorra lortuko dugu absolutu etiko bezala hartzen baditugu giza eskubideak", azaldu du.

Aralarrek egindako batzarrean ez zuen parte hartu Ezenarrok, gaixo zegoela argudiatuz. "Beti hartu dut parte eta argitasunez eman du iritziaren berri".

Eztabaidak "zailtasun egoerak" sortu dituela onartu du, eta askok alderdia utzi dutela. Hauteskundeei begira esan du asmoa lanean jarraitzea dela, giza eskubideen alde, batik bat. Beste alderdi politiko bat egiteko asmorik ez duela azaldu du.

"Bake iraunkorra bermatuko duena norberak giza eskubideekin konpromiso propioa hartzea izango da". Espainiako eta Frantziako Gobernuek ETArekin indarkeriaren ondorioez hitz egin beharko dutela uste du, baina "euskal gizarteak eman beharko die babes politikoa", Ezenarroren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.