Bake eta Bizikidetza Idazkaritza

Ezenarro eta Ullibarriarana, Urkijoren ordezko

Bi ekimen berri iragarri ditu Urkulluk: biktima bakoitzarekin harremanetan egoteko programa bat eta memoria eta elkarbizitza prozesuetan horien parte hartzea bideratzeko kanal zuzena.

Ezenarro, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ, ARP
2014ko apirilaren 11
10:04
Entzun

Txema Urkijo Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bake eta Bizikidetza idazkari ohiak badu ordezkoa. Bi, zehazki: Aintzane Ezenarro eta Enrique Ullibarriarana. Iragan astean kargugabetu zuten Urkijo, "hasieratik" agerian ziren haren eta Fernandezen arteko "desadostasunak" tarteko.

Izendapenez gain, beste bi ekimen ere iragarri ditu Iñigo Urkullu lehendakariak. Batetik, biktima bakoitzari "tratu indibidualizatua" eskaintzeko programa abiatuko du, eta bestetik, biktimek memoria eta elkarbizitza prozesuetan parte hartzeko modua bideratu nahi du. Biak ere "berehala" jarri nahi ditu martxan.

Ezenarro 2013an sartu zen lantaldean, hezkuntza alorreko aholkulari. Uribarri 1990az geroztik dabil Eusko Jaurlaritzan, teknikari gisa, biktimekin lanean. Monika Hernandok gidatzen duen taldean lan egingo dute, hura baita Jaurlaritzaren Biktima eta Giza Eskubideen zuzendaria. "Esperientzia handia eta osagarria dute biktimei zuzendutako politika publikoei dagokienez, hezkuntza alorrean, humanoan, sozialean, politikoan, juridikoan eta instituzionalean". Biek ala biek "biktimekiko sentsibilitate eta konpromiso handia" dute, Lehendakaritzaren arabera.

Biktimekiko Eusko Jaurlaritzaren arduraren erakusle izan daiteke izendapen bikoitza, Urkijoren kargugabetzearekin zalantzan jarri zena. "Konpromisoa ez da aldatu, eta lan programa Bake eta Bizikidetzarako planean dago. Kasu honetan aldatzen dena da biktimen arretarako taldea indarberritu egin dela. Hobetzen jarraitzeko apustua da".

Erreakzioak

PPk eta PSEk kritikatu egin dute lantaldearen aldaketa; sartu direnen aurka baino, Jonan Fernandez ez aldatzeagatik. Izendatu berriekiko "errespetua" adierazi du Borja Semper PPren legebiltzarkideak, baina gaineratu du, "Jonan Fernandez eta haren ikuspegi politikotik at", ez duela ezer berririk ekarriko.

Rodolfo Ares PSE-EEko legebiltzarkideak kritikak egin dizkie izendapenei, "Jonan Fernandezen apustua berrestera datozelako". Aresen arabera, politika hori "ez da egokia, elkarrizketatik eta adostasunetik urruntzen eta Batasunaren mundura gerturatzen baita". Ondorioz, Jaurlaritzari "aurreko urteetan hain fruitu onak eman dituen adostasuna hautsi" izana egotzi dio. 

Kargugabetzea

Lantaldearekin izandako «desadostasunak» aipatu zituen Lehendakaritzak Urkijo kargugabetzea argudiatzeko, eta ukatu egin zuten ETAren biktimen elkartearen salaketari erantzunez hartu zutela erabakia. Covitek Urkijoren dimisioa eskatu zuen preso batek ETAko biktima bati igorritako «eskutitzak» gordetzeagatik.

Lehendakaritzak ohar batean azaldu zuenez, erro sakonagoak zituen erabakiak. Bake eta Bizikidetzako Idazkaritzako lan metodologia «interpretatzean eta gauzatzean egiaztatu ziren ezberdintasunak» izan ziren Urkijo kargutik kentzeko «arrazoi nagusia». Aholkulari ohiak ere, Efe berri agentzian eginiko adierazpenetan, esan zuen bere kargugabetzearen jatorria ez dagoela Coviteren salaketan. Arazoa «aurretik» zetorrela, eta funtsean bera eta Idazkaritzako zuzendari Jonan Fernandezen arteko «bateraezintasunean» oinarritzen zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.