Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak gaur goizean Euskadi Irratian emandako elkarrizketan adierazi du Aralarreko ordezkari gisa Eusko Legebiltzarra utzi ondoren, ez duela "inolako asmorik inongo alderdi politikotako kide izateko". Bien bitartean, gogorarazi du Aralarretik kanpo dauden momentutik ez dutela Legebiltzarrean Aralarren izenean negoziatzen. "Gure konpromisoa botoa eman diguten horiekin da, eta esku arten ditugun proiektu batzuk bideratzen saiatuko gara amaierara arte", esan du. "Azken minutura arte saiatuko naiz nire lana egiten".
Ezenarrok argitu du bera, Oxel Erostarbe eta Mikel Basabe ez direla Aralarreko zuzendaritzarekin elkartu, eta Aralarrek alderditik egotzi baditu ere, talde parlamentario "oso batua" osatu dutela adierazi du —hirurek eta Dani Maeztu legebiltzarkideak—. "Saiatzen ari gara eztabaida politiko hau ez dadila maila pertsonalera pasa".
Ezenarrok, Oxel Erostarbek eta Mikel Basabek aktak itzultzeko erabakia hartu berri dute, eta Legebiltzarra ekainean utziko dute. Eusko Legebiltzarrean bakearen eta elkarbizitzaren aldeko lantaldea babesteagatik Aralarrek alderditik kanpo kokatu zituen hirurak.
Alderdi baten barruan desadostasunak egotea "logika demokratiko baten barruan" dagoela uste du Ezenarrok. Hala ere, onartu du ez dela "atsegina" bizitzen ari diren unea, baina egin dutenaz konbentzituta daudela berretsi du.
Bakearen eta elkarbizitzaren aldeko lantaldearen inguruan adierazi du guztien ekarpenak idatziz jasoko dituztela, eta ondoren, guztien arteko mahai bat osatuko dutela, eztabaida bati ekiteko. "Erabili ezin daitekeen aitzakia da ponentzia itxia dela, esan dezatela ez parte hartzeko benetako arrazoia", adierazi du.