aralar

Ezenarrok, Erostarbek eta Basabek ez dute kargua uzteko asmorik

Aralarreko legebiltzarkideek ostiraleko elkarbizitzaren lantaldearen inguruko diskurtsoa berretsi dute, eta "koherentziaz" jokatu dutela diote. Zuzendaritzak bihar biltzeko proposamena egin die, baina, agenda kontuengatik, hori atzeratzea komenigarriagoa ikusi dute.

2012ko apirilaren 3a
15:02
Entzun

Aintzane Ezenarro, Oxel Erostarbe eta Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideek ez dute kargua uzteko asmorik, gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egin duten agerraldian azaldu dutenez. Ostiralean elkarbizitzarako lantaldearen inguruko saioan izandako jarrera berretsi dute, eta "koherentziaz" jokatu dutela diote.

Ezenarrok eta Basabek hartu dute hitza hiruren izenean. Haien arabera, ponentziak "ez du ezer txarrik", eta "potentzialitate handia" du. Legebiltzarkideek berretsi dute lantalde hori babesteak bat egiten duela Aralarren "praxi politikoarekin", alderdiak beti defendatu baitu elkarrizketa guztien artean izatea, eta lantaldeak hori "bermatu" egiten duela uste dute.

Gainera, azpimarratu dute Aralarren ekimenez lehenengoz zabaldu zaiela elkarrizketa Legebiltzarrean ez daudenei, eta haien proposamena "zintzoa eta irekia" dela gaineratu dute. Aralarren jatorrizko proposamenaren "izpiritua" mantentzen duela diote.

Hiru legebiltzarkideen arabera, lantaldearen aurka agertu direnak gehiago geratu dira testuan jartzen duenean edo jartzen ez duenean, edukian baino.

Zuzendaritzak bihar biltzeko proposamena egin diela azaldu dute, baina agenda kontuengatik, Aste Santuaren ondotik biltzea nahiago dutela jakinarazi dute. Ostiraletik zuzendaritzarekin izan duten komunikazio bakarra e-mail bitartez izan dela gaineratu dute.

Zabaleta: "Alderdi batek serioa izan nahi badu, ezin du onartu bere balioak hausten dituzten jokabideak"

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak gaur goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan nabarmendu du politikan "balioak" direla oinarrizkoenak, eta haren arabera, "alderdi batek serioa izan nahi badu, ezin du onartu bere balioak hausten dituzten jokabideak". Aintzane Ezenarro, Oxel Erostarbe eta Mikel Basabe legebiltzarkideek ostiralean hartutako jarrerari egin dio erreferentzia Zabaletak.

Ezenarro, Erostarbe eta Basabek Aralarreko zuzendaritzak onartutakoa ez zuten bete ostiralean Eusko Legebiltzarrean, elkarbizitza eta bakegintzari buruzko lantaldea eratzeko akordioari dagokionez. Zuzendaritzak  leporatzen die parlamentuko akordioko testuan ez dela ‘bazterketarik gabeko elkarrizketa’ aipatzen. Hiru legebiltzarkideek gaur goizean prentsaurrekoa emango dute Eusko Legebiltzarrean, 11:00etan, bakegintza eta elkarbizitza elkarrekin eraikitzeko egitasmoei buruzko lantaldean hemendik aurrera hartuko duten jarrera zein den azaltzeko.

Zabaletak jakinarazi du ostiralean mezu bat bidali ziela zuzendaritzak hirurei, eta atzo beste jakinarazpen bat bidali ziela, baina ez dutela erantzunik jaso. Horrek sortu dio zuzendaritzari "samin gehien". Atzo esan zuen hiru legebiltzarkideek Aralar ez uzteko aukera badagoela.

"Balioetan ez dago atzera bueltarik, elkarrizketak berdintasunean izan behar du; ez da duina eta ez dago giza eskubideetan oinarritua", esan du Zabaletak bakerako lantaldearen inguruan. Haren arabera, ponentzia "hilda" jaio da.

Zabaletak berretsi du Aralarrek hasierako balioei "osotasunez" eusten diela; hala ere, onartu du alderdia sortu zenetik "garai zailenetakoa" dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.