Azkenaldian agerian geratu dira Aralar barruan ikuspuntu desberdin eta garrantzitsuak daudela ezker abertzaleari buruz, baina Aintzane Ezenarro eusko legebiltzarkideak adierazi du ez duela alderdian zatiketa gertatzeko arriskurik ikusten. "Ez da inolako bereizketarik aurreikusten", esan du gaur, Radio Euskadi irratian.
Aralarreko azken batzarrean %93,8ak ezker abertzalearekin eta beste eragile batzuekin akordio estrategikoa eta koalizioak lantzea erabaki zuen, baina Ezenarro eta beste kide batzuk ez ziren bilkuran izan, apustu horrekin ez baitaude ados. "Batasunak ordezkatzen ez duen sektore sozial bat ordezkatzen du [Aralarrek]. Distantzia handia dago Batasuna eta Aralarren artean", adierazi du Ezenarrok.
Aldiz, Dani Maeztu Aralarreko koordinatzaileordeak igandean BERRIAn zioenez, "orain ezkerretik formula bateratua aurkezteko aukera" dago, eta "akatsa" litzateke alderdia zatitzea.