Ezer ez baita alferrik

Pello Urzelai.
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Hiru aste barru, ezker abertzaleak Anoetako proposamena aurkeztu zuenetik sei urte beteko dira. Urteurren berezia izango da, hain zuzen ere, aste berean duela sei urteko ekitaldi hura antolatzeagatik hiru lagun epaituko dituztelako: Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez. Paradoxa hor dago, gerora zapuztu zen bake prozesu baten oinarria aurkezteagatik eseriko dira akusatuen aulkian. Anoetako proposamena aurkeztu zutenerako, elkarrizketa sekretuen bidez ehuntzen ari ziren bake eta konponbide prozesu bat ezker abertzalea eta alderdi sozialista. Baina 2005eko urtarrilean, Batasuneko Mahai Nazionalak gutun irekia igorri zionean ez zuen espero -ez zegoen aurreikusita- Zapaterok berehala erantzungo zuenik, jendaurreko ekitaldi batean. Erantzun hark, neurri batean, solaskide izaera onartu zion Batasunari, eta prozesu bat antolatzeko aukera ez zela kimera bat iradoki zuen.

Sei urte geroago, egoera oso bestelakoa den arren, Zapaterok egin berri dituen adierazpenak-igandean Arnaldo Otegiren elkarrizketaren harira, eta asteazkenean, gobernu aldaketaren berri ematean-beste aukera baterako itxaropen izpi gisa ulertu dira. Egoera egokia bada, konponbiderako beste ahalegin bat izan daitekeela ondoriozta daiteke, Otegiren elkarrizketa eta Zapateroren hitzak uztartuz gero. Baina orain ez dago duela bospasei urte izan zen elkarrekikotasuna. Egoera bestelakoa da. Ezker abertzaleak berritu du bere apustu politikoa, iraganeko hutsetatik ikasiz, Arnaldo Otegik -ezker abertzaleko zuzendaritzako kide gisa- ongi azaldu duenez. Ezker abertzaleak gogoeta egin du, eta ondorioztatu du helburu politikoak lortzeko estrategia eraginkorra «liluratze demokratikoaren gaitasunean» datzala. Edo beste era batera esanda: «Ez dago independentziarako beste biderik bide baketsu eta demokratikoetatik garatzen dena baino». Aldebakartasunaren printzipioa bereganatuz, borroka armatua-aldi baterako edo betiko- bertan behera uzteko erabakia ez dago akordio politikoen menpe, Otegik azaldutako ikusmoldearen arabera. Elkarrizketa giro eta dinamikak nabarmen lagundu badezake ere.

Ibilbidea epe luzera markatua du ezker abertzaleak, eta ez du bilatzen epe laburreko konplizitate keinurik estatu agintarien aldetik. Elkarrizketa eta akordio politikoen fasera iritsi ahal izateko gutxieneko baldintza demokratikoak sortzea dira egungo fasearen lehentasunak: atxiloketa arbitrarioak bukatzea -ziklo politiko berriari begira lanean ari diren gazteena, adibidez-, inkomunikazioa eta tortura desagertzea, jazarpenak eta mehatxuak bukatzea, berdintasunez eta legez parte hartzeko eta hauteskundeetan aurkezteko aukera ematea, presoen kontrako espetxe politika etetea... Horiek dira, aldebakarrez, estatuak egin beharko lituzkeen urratsak, Zapateroren hitzek eskatzen dituzten urratsak, eta ez ostiraleko polizia operazioarena bezalakoak. Eta esan liteke, ematen baditu, ez direla alferrik izango. Aldebakartasunez eman beharko dituenez, euskal eragileen eta gizartearen presioa izatea lagungarria izango da.

Mugimendu joko horretan, EAJren zereginaren garrantzia areagotu da, Espainiako Gobernuarekin lortu duen aurrekontu akordioari esker. Akordioa eginda, imintzioak egin dituzte jeltzaleek zentralitatea bakebidean ere baliatzeko. Ikusteko dago zer dagoen keinu horietatik harago.

Dena den, EAJz gain, PSE ere erneago sumatzen da etor daitezkeen urrats berriei begira, nahiz eta Espainiako Gobernuaren aldaketarekin berriro jokoz kanpo eta menpeko egoeran gelditu. Egokitzeko beharra denak ari dira sumatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.